Kimuak-ek bere azken film laburren proiekzino edegia egin dau Bilbon

Bizkaie! 2020-03-02 08:29   Zinemea

Jesus Mari Lazkano, Raúl de la Fuente, Izibene Oñederra, Aitor Arregi edo Jose Mari Goenagaren lanak jaso ditue.

Kimuak programeak bere azken bildumako film laburrak aurkeztu ditu Bilboko Arte Eder Museoan. Eusko Jaurlaritzeak, Etxepare Euskal Institutuaren bitartez eta Euskadiko Filmategiagaz batera, bultzatzen dau proiektu hau, azken hautaketan honako film honeek jaso dituana: Artiko, Josu Venero eta Jesus Mari Lazkanorena; El Infierno, Raúl de la Fuenterena; Labo, Jesús María Palaciosena; Leyenda Dorada, Ion de Sosarena eta Chema García Ibarrarena; Lursaguak, Izibene Oñederrarena; Mateoren Ama, Aitor Arregi eta Jose Mari Goenagarena; eta Medvedek, Ainhoa Gutierrez del Pozorena. Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua aurkezpenean izan da, besteak beste, Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariagaz batera.

Donostiako Tabakaleran eta Bilboko Arte Eder Museoan 2019ko Kimuak selekzinoaren lehen proiekzino edegiak egiten dabiz; dana dala, katalogoak aurrez ibilbide luzea egin dau mundu osoko jaialdietan. Katalogoaren bidea Donostiako Zinemaldian hasi zan eta ordutik mundu osoko 170 jaialditara eroan da, tartean ZINENI, Berlinale, BAFICI, Palm Springs, SEMINCI, Hong Kong, Bogoshorts, Black Canvas eta Warsaw lako jaialdietan erakutsiz.

Kimuak programearen helburua nazinoarteko zinema jaialdi, erakunde eta ikus-entzunezko ekitaldi nagusietan euskal film laburrak sustatzea eta banatzea da. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren babesa dau programak, Etxepare Euskal Institutuaren eta Euskadiko Filmategiaren bidez. Prozesua urte hasieran hasten da, katalogo honetan parte hartzeko deialdia edegikeran. Ondoren, 'kimu' barriak aukeratu eta irailean aurkezten dira, Zinemaldian; hortik aurrera, katalogoak mundu osoko jaialdietatik hasten dau ibilbidea.

Aukeraketea egiteko erispide nagusia lanaren kalidadea da, baita publiko zabal batek ha ulertzeko aukerea izatea be. Horrezaz gan, proposamenaren originaltasuna eta arriskua baloretan ditue, euskeraz filmauta egotea eta teknikari eta aktore euskaldunek parte-hartzea.

Kimuak programea zutabe garrantzitsua da euskal zinema-sistemearen barruan, eta programa honetan euskal zinemagile garrantzitsuenetako batzuek parte hartzen dabe edo parte hartu dabe lehenegao. Kimuak-ek euskal erakundeek euskal ikus-entzunezkoak sustatzeko egiten daben ahalegina sendotu eta bestelako bideak osatu gura ditu: Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren diru-laguntzino deialdiak, EiTBk euskal zinemeari emoten deutson bultzadea, jaialdi nagusien babesa edo Zineuskadi eta Euskadiko Filmategia lako eragileen lana.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu