Gasteizko Sumendiola Bete Poto eta Kakiturriko Gladioloreak taldeak aurrez aurre

Bizkaie! 2020-02-28 08:03   Bertsolaritzea

Arabako Bertso Kuadrillarteko Txapelketako I. finalaurrekoa jokatuko da zapatuan.

Zapatuan, Aguraingo Zabalarten 19:30ean hasiko da lehenengo finalaurrekoa eta bertan erabagiko da Murgiako finalean, martiaren 28an, izango dan lehenengo talde sailkatua. Sumendiola Bete Poto (Gasteiz) eta Kakiturriko Gladioloreak (Gasteiz) taldeak izango dira kantuan. Kopaua eskainiko da 19:00retan eta saioa 19:30ean hasiko da.

Sumendiola Bete Poto taldeko kideak Maddi Juaristi, Gerezti Unanue, Oier Lakuntza, Julen Martiartu eta Beñat Garaio. Kakiturriko Gladioloreoak taldekoak, barriz, Juan Mari Juaristi, Asier Otamendi, Rikardo Gonzalez de Durana, Xabi Rico eta Ander Aranburu.

Gai-jartzaile lanetan Marta Ugarte ibiliko da. Saioa hiru epailek balorauko dabe: Manex Garaio (Sumendiola Bete Poto), Karmele Madinabeitia (Kakiturriko Gladioloreak) eta Arabako Bertsozale Alkartearen izenean, Fernando Sopelana.

Ondorengo ariketak egin beharko ditue bertsolariek finalaurrekoetan:

- Agur kolektiboa (ez da puntuagarria).

- A taldeko batek B taldeko bategaz ofizioka zortziko nagusian hiruna bertso.

- Aurrekoak atzekoei, A taldeko batek B taldeko hiruri eta alderantziz, gaia emonda, aurrekoak 3 bertso eta atzekoek bertso bana.

- B taldeko batek A taldeko bategaz ofizioka zortziko txikian hiruna bertso.

- Hiru punturi erantzun zortziko txikian (B taldeko bertsolariak A taldeko bertsolariari eta alderantziz).

- Asmakizuna A taldeko 3 kideen artean, puntuka, A taldeko batek berbea jakingo dau eta taldekideei erantzungo deutse 3 minututan. Ondoren B taldekoek ariketa bardina.

- B taldeko bik A taldeko biren kontra ofizioka, Iparragirre doinua taldekideagaz erdibana osotuz, gaia emonda audio formatuan.

- Gaia emonda, talde bereko hiru lagunen artean hiruna kopla musikaz lagunduta.

Urtarrilaren 24an hasi zan Arabako Bertso Kuadrillartekoa. Danetara, bat-bateko 12 taldek hartu dabe parte lehen fasean eta lau astez 12 saio egin ondoren, 6 talde pasau ziran finalaurrekoetara. Lehen finalaurrekoa Agurainen jokatuko da, bigarrena datorren zapatuan Aramaioko Sastiñan (Martiaren 7an) eta azkena, martiaren 14an, Amurrioko Kultur Etxean.

Finalaurreko saio bakotxeko irabazleak izango dira Murgiako Palatu kirol eremuan, martiaren 28an, kantauko dabenak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu