Ekai Lersundi eta Pepa San Martín protagonista Zinegoak jaialdiaren hasieran

Bizkaie! 2020-02-24 10:24   Zinemea

Arriaga Antzokian egingo dabe inaugurazino galea, gaur.

Pepa San Martin eta Pau Guillén, Bilbon (argazkia: Zinegoak) | Ikusi handiago | Argazki originala

Txiletik Euskal Herrira etorri da Pepa San Martín zinemagilea, 17. Zinegoak jaialdian emongo deutsien Ohorezko Saria hartzera. Arratsaldeko 20:00etan Bilboko Arriaga Antzokian hasiko dan galan egingo deutsie omenaldia San Martíni, zinema konprometidu eta ahaldundua dalako berea. Ganera, hilaren 26an, eguaztena, masterclass-a emongo dau EHZE zinema-eskolan.

Curicó urian (Txile) jaio zan San Martín, 1974an, eta zinemagintzea eta antzerkia landu ditu bere ibilbidean. 30 film baino gehiago egin ditu, batzuk zuzendari laguntzaile eta beste batzuk zuzendari nagusi. La ducha (2011) eta Gleisdreieck (2012) lanetan garbi itxi eban zein izango zan bere ibilbidea. Film labur biotan emakume lesbianak dira protagonistak, eta lotura afektibo konplexuen barri emoten dau kontaera erraz baten bidez. 2016an zuzendu eban lehenengo film luzea, Rara, eta Donostiako Zinemaldiko Horizontes Latinos sailean saritu eben.

Zinegoaken lehenengo eguneko beste protagonistea Ekai Lersundi ondarroarra izango da. Bere buruaz beste egin eban 2018an, transexuala izateagaitik jasaten eban presino sozialak bultzatuta, eta Arantza Ibarrak haren omenezko film dokumentala sortu dau, Mi pequeño gran samurai. Estreinaldia gaur izango da, inaugurazino galan. Ekairen gurasoak bertan izango dira.

Ibarraren arabera, dokumentalaren helburua ahalik eta jente gehienari laguntzea da: Ez dogu nahi gai honegaitik heriotza gehiago egotea. Ahal dan guztia aldarrikatu, ikusiarazo, normalizau eta babestu nahi dogu, mugak apurtzen segidu. Antzeko egoeran egon leitekez ume eta guraso asko, eta filma lagungarria izango dalakoan dago zuzendaria.

Arriagako galea biribiltzeko, Dorian Wood artista amerikarrak gizontasunaren balio tradizionalak zalantzan jarriko ditu, performance eta saio musikalen bidez. Ganera, euskal kultureagaz lotutako ezustekoa atondu dauela aurreratu dau Woodek.

LGTBI+ personen eta euren sexu aukerea askatasun osoz bizi nahi dabenen hitzordua izango da, urtero legez, 17. Zinegoak. Sail ofizialean 22 film lehiatuko dira, beste atal batzuetako film laburrak, zikloak, arte eszenikoak eta abar ahaztu barik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu