Genuine Athletic taldeari harrerea

Bizkaie! 2020-02-20 08:35   Kirola

Gizarte inklusinoaren alorrean egindako lana autortu deutso Bilboko Udalak.

Genuine Athletic Club Fundazinoa taldeko kideak eta Udaleko ordezkariak (argazkiak: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Adimen ezintasunen bat daukien personentzako taldea da Genuine Athletic Club Fundazinoa, 2017tik beren-beregi halako taldeentzako sortutako LaLiga Genuine txapelketan parte hartzen dauena. Ligearen azken edizinoan, Fair Play saria emon eutsien Athletici, partiduetan erakutsitako kiroltasunagaitik, errespetuagaitik eta joko garbiagaitik.

Alderdi sozialean taldeak egiten dauen lan ikaragarria txalotzeko asmoz, Bilboko Udalak harrerea egin deutse jokalari, entrenatzaile eta zuzendaritzako kideei, udaletxean bertan. Besteak beste, Juan Mari Aburto alkatea egon da ekitaldian. Adimen ezintasuna dabenei kirolaren bidez integretan laguntzeko ekimen honi errekonozimendu publikoa egitea izan da harrerearen helburua, Udalak azaldu dauenez. Balioen harrobia da gizarte osoaren aurrerapenerako, eta pertsona guztien osasuna eta bizi-kalidadea hobetzeko.

Genuine Athletic Club Fundazinoaren lantaldean 48 lagun dabiz, % 10 emakumeak, eta Athletic Cluben gorengo mailako hiru taldeetako bat da, gizonen eta emakumeen lehen taldeakaz batera. Dagoeneko peña ofizial bat be badauka, taldearen partiduetan babesa emoteko. Ezintasunak dituen personei laguntzeko ekimenetan hartzen dabe parte bai taldeak eta baita peñako kideek be.

Gaur egun, zortzi talde dagoz futbol-8 formatuko LaLiga Genuine Santander txapelketan, moltso bitan banatuta. Partidu bakotxa hamar minutuko lau zatitan banatzen da. Berezitasun nagusia sailkapena egiteko modua da, kirol emoitzez aparteko beste faktore batzuk kontuan hartzen diralako, berbarako, kiroltasuna, joko garbia eta portaerea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu