Kartel artistikoa izango dau Euskal Herriko Itzuliak

Bizkaie! 2020-02-19 12:43   Kirola

Ilustrazinoaren arloko Euskadi Saria irabazi dauen Asisko Urmeneta da egilea.

Asisko Urmeneta artistea, kartela erakusten (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak bultzatuta, artista ezagun batek egin dau 2020ko Euskal Herriko Itzuliaren kartel ofiziala, Asisko Urmeneta nafarrak hain zuzen. Igaz ekin eutsien bide horri, Yolanda Mosqueraren kartelagaz. Urmenetak eta Mosquerak Literatura Lanaren Ilustrazinoaren Euskadi Saria irabazi dabe, eta horregaitik aukeratu ditue.

Goi mailako artista sarituei kartela egin deien eskatzea Euskal Herriko Itzuliaren historiari egindako keinua dala azaldu dau Jaurlaritzeak. Izan be, 1936ko Gerrearen aurretik, ohikoa zan orduko artista ospetsuek Itzuliko kartelak diseinetea. Kirolaren eta artearen ikuspuntutik, harribitxiak dira kartel zahar hareek.

Bingen Zupiria Kultura sailburuak azaldu dauenez, hiru helburu bete nahi ditue kartel artistikoon bidez: Talentu handiko euskal artisten belaunaldi bat gogoratzea, artea eta kirola buztartzen dituan tradizino bat berreskuratuz; euskal sortzaileei euren lana erakusteko eta ohikoa ez dan publikoagana heltzeko aukerea emotea; eta Itzuliaren tradizinoa eta ospea aldarrikatzea.

Asisko Urmeneta egileak kartelaren diseinuaren nondik norakoak azaldu ditu. Zenbait kontzeptu bateratu nahi izan dodaz: mekanikea (tresnak, piezak…), kateen eta plateren bidez irudikatutako 2020. urteari lotutako joko bat eta, hirugarrenik, Euskal Herriko aldatzak, aitatu dau. Bizikleten mekanikari baten tailerra bisitau neban, ze material erabili aztertzeko, ondoren konposizinoa osotu neban; amaitzeko, argazki bat egin eta ordenagailu bidez landu neban.

Aurtengo Euskal Herriko Itzulia apirilaren 6an hasiko da, Eibarren, eta 11n amaituko da, Bilbon. Sei etapatan, Euskal Herriko hainbat eskualde zeharkatuko ditu, mendaterik mendate eta era askotako errepideetatik. Txirrindularitza profesionaleko talderik indartsuenek hartuko dabe parte, gorengo mailako lasterketea da eta. Itzulia antolatzen dauen OCETA alkarteko presidente Julian Eraso kartelaren aurkezpenean egon da, Bingen Zupiria eta Asisko Urmenetagaz batera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu