'Badatoz Olinpiadak'
2020-02-19 08:50 KirolaBetirako, mendia beti mendi.
Eskaladea eta mendiko eskia kiroltzat dabenentzako barri ona da hau, baita geutzat be: kirol bizitzaren muturreko egoerea dira olinpiadak.... Gure ustez kirola baino zeozer gehiago da gurea eta ez dakigu ze onura ekarriko deuskun testu honek...
Eta ez daiala inork pentsau aurrerabidearen kontra gagozanik. Gure gurasoak mendizaleak izanik eta bizi osoa mendian emon ostean, azterketa txikia egin gura dogu mendiko kirolak olinpiadatan egoteak ekarriko dauenaz.
Alde onak:
- Teknifikazino handiagoa, instalazino hobeak (rokodromoak), entrenamenduetarako metodo hobeak, entrenatzaile hobeak...
- Erakunde publiko zein pribatuek diru gehiago sartzea eta kirolarien sustapena.
Alde txarrak:
- Lehia handiagoa. Azken urteotan ikusi dogu gu lehia horretan sartu ez arren, inoren lana baztertu (Zailtasun mailak bajau) eta norberarena dala onena pentsetea, cronometroari aparteko garrantzia emotea ez dira biderik onenak.
- Erakunde publikoetan egongo dan dirua ez da erregalua izango. Dominak irabazteko inbertidutakoa izango da eta, beraz, tartean sartzen diran kirolariek babesa izango dabe beti. Atara kontuak alpinismoan sartzen zan personeak lehen be arazoak bazituan zer izango ete da orain... Politikaria kirolariari galdezka ikusiko dogu:
- Dominea eskuratu zeinke? Eta bardin pasauko da sektoreko enpresa pribatuakaz be. Oraintsura arte gure baloreak defendituten zituen (Gu geu gara horren adibide: profesionalak gara baina kirola diruaren aurretik ipini dogu beti). Baina jarrera hori be indarra galtzen dago... Orain olinpiadak dira negoziorako bidea eta, esangura horretan, lehian sartzen ez diran kirolariak eta gure jarduerea pasinoa, maitasuna eta errespetua ardatz hartzen ez dituenak gero eta gatxago izango dabe sektoreko marken babesa lortzeko.
- Gure mundura galarazota substantziak heldu dira. Aspaldi dagoz gurean baina argi dago diruak indarra hartzen dauenean eta garrantzitsuena albokoa menperatzea danean, arauak apurtzea errazagoa izaten da.
- Lehia kiroletik datozen kirolariak oso gitxi dira outdoor-era salto egin eta eskalada bideak zabaltzen hasiko diranak. Munduko Kopatik etozanetan ikusi izan dogu oso indartsu etorri arren, batek be ez ebala gura indar hori bide barriak zabaldu eta eskaladan aurrera egiteko. Izan be, gehienek pentsetan dabe parabolts-ak zerutik jausi eta hatxean geratzen izan dirala. Bideak zabaltzeko prozesuan ahalegin personala eta ekonomikoa dago eta eskerronik ez da jasoten gehienetan. Ahalegin hori ez da behar dan moduan babesten eta autortzen.
- Mendi federazinoek errazago izango dabe orain kirol arautua babestu eta haize zabalean egiten diran kirol praktika guztiak baztertzeko; eta beti izan gara arlo horretakoak naturea gehien babestu eta maite izan dogunok. Normala da entzutea erabagi garrantzitsua hartu behar dozunean alde onak zein txarrak baloretea, Ba, hemen dozuez gureak.
Ez daiala inork pentsau Poutarrok ez doguzala olinpiadatan gure kirolariak babestuko, jakina, indar guztiagaz babestuko doguz, badakigulako ilusinoa, entrenamentuetan emondako orduak eta sailkapenetarako dagoan sakrifizioa upealakoak dirala baina, era berean, laguntzino guztia emongo deutsegu indarrez datorren belaunaldiari, zulatzauileak eskuetan hormatzarretan zein goi mendietan bideak zabaltzen ibiliko diranei.
Bai, badakigu antxinako jarrerea eta pentsamenduak dirala gureak, erromantikoegiak garela. Segurutik egia izango da baina harro gagoz ze mozorroak mozorro mendiko jarduera ederrenak, inork egin ez dituan hormatzarrak, ipar alde bildurgarriak beti egongo dira zain.
Artikulua hau idatzi dogun poutarrontzako eta beste batzuentzako be bai, mendia kirola baino zeozer gehiago da, biziteko estiloa, filosofia, natureagaz hartu-emonetan egoteko jarduerea, hortik gatoz eta hor amaituko dogu: Betirako, mendia beti mendi.
Informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!