Ume transexualen errealidadea argitara ekarri dau Arantza Ibarrak

Bizkaie! 2020-02-18 13:49   Zinemea

Zinegoak jaialdiaren lehenengo egunean estreinauko dabe Mi pequeño gran samurai film laburra.

Filma aurkezteko agerraldia, Bilbon (argazkia: Zinegoak) | Ikusi handiago | Argazki originala

Ekai Lersundi transexual gazteak bere buruaz beste egin ebanean, 2018an, alkartasun olatu batek babestu zituan haren gurasoak. Horren aurrean, Arantza Ibarra zinemagileak zeozer egiteko beharra sentidu eban, errealidade ezkutu ha erakusteko eta ume transexualen familien aldarrikapenak gizarteratzeko. Lersunditarrak eta Ibarra Ondarroakoak dira, eta hurrekotasun hori aprobetxau dau zinemagileak.

Mi pequeño gran samurai film laburra da Arantza Ibarraren ahaleginaren emoitzea. 21 minutuko lan horretan, testigantza ugari batu ditu: Ekairen gurasoena, adinbako transexualen familiei laguntzen deutsen Naizen alkarteko kideena, Ondarroako bizilagunena... Ekai Lersundi gogoratzea eta transexualen burrukea aldarrikatzea izan dira egilearen asmoak.

Bilbon egindako agerraldian Arantza Ibarrak azaldu dauenez, dokumentalaren helburua ahalik eta jente gehienari laguntzea da: Ez dogu nahi gai honegaitik heriotza gehiago egotea. Ahal dan guztia aldarrikatu, ikusiarazo, normalizau eta babestu nahi dogu, mugak apurtzen segidu. Antzeko egoeran egon leitekez ume eta guraso asko, eta filma lagungarria izango dalakoan dago zuzendaria.

Ondarroako herriari eskerrak emon deutsaz Ibarrak, dokumentala egiteko emon dauen laguntzino handiagaitik: Ondarroa irauli egin zan hasieratik. Dokumentala egiteko dirua batzen ibili ginan, eta jenteak asko lagundu euskun. Filmaren zatirik handiena 2019ko zezeilaren 15eko asteburuan grabau eben, Ondarroan Ekairen heriotzearen urteurrena gogoratzen ebizanean.

Film laburra aurkezteko ekitaldian, Arantza Ibarra zuzendaria eta Izaskun Arandia produktorea ez eze, Elaxar Lersundi eta Ana Martinez be egon dira, Ekairen aita eta ama. Gurasoek ez dabe filma ikusi oraindino, Zinegoak jaialdiko estreinaldiaren zain dagoz. Zezeilaren 24an, hasierako ekitaldian, proiektuauko dabe, Bilboko Arriaga Antzokian.

Horrezaz gan, beste proiekzino bi be egingo ditue Bilbon: Martiaren 3an, BilbaoArteko Art House Zinema aretoan; eta martiaren 6an, Bilborocken. Zinegoak Hedapena zikloari esker, Euskal Herriko herri gehiagotan be erakutsiko dabe Mi pequeño gran samurai.

Pau Guillen Zinegoakeko zuzendariaren arabera, aurtengo edizinoan LGTBI+ komunidadean egoten diran suizidioen barri emoteko asmoa dabe, orain arte ezkutuan egon dan arazoa izan dalako. Mi pequeño gran samurai ez eze, gaia lantzen daben Tu me manques eta Nech je svetlo be egitarauan dagoz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu