Euskal zinemea munduan zehar zabaltzeaz arduratuko da Cervantes Institutua
2020-02-18 08:12 ZinemeaEtxepare Institutuagaz eta Euskadiko Filmategiagaz hitzarmena sinatu dau.
Atzerrian zentro ugari daukaz Cervantes Institutuak, kultura espainiarra nazinoartean zabaltzeaz arduratzen dan erakunde publikoak. Sare zabal hori aprobetxauko dabe Etxepare Euskal Institutuak eta Euskadiko Filmategiak, euskal zinemagintzea mundu guztira eroateko. Euskal kulturea zabaltzeko hitzarmena adostu dabe, batez be zinemagintzan arretea jarrita.
Hiru erakundeetako ordezkari nagusiak egon dira hitzarmena sinatzeko ekitaldian: Cervantes Institutuko zuzendari Luis Garcia Montero, Etxepareko zuzendari Irene Larraza eta Euskadiko Filmategiko zuzendari Jose Antonio Fernandez. Jarduteko Protokolo Orokorrak hiru aldeen arteko lankidetzarako oinarriak ezarten ditu, batez be hizkuntzea eta kulturea sustatzea helburu, bai euskaraz bai gaztelaniaz.
Urtero lau ziklo zinematografiko antolatzeko konpromisoa jasoten dau hitzarmenak, kanpoko hiru komisariok aukeratutako zinemagile eta filmakaz, eta Jose Antonio Fernandezek eta Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinosek koordinauta. Alemanian, Hungarian, Marokon eta Errusian izango dira lehenengo hitzorduak.
XXI. mendeko euskal zinemagintzearen adibide diran lanak erakustea izango da zikloon helburua. Film laburrak eta dokumentalak izango dira hasiera baten, baina aurrerago lan luzeak be sartzea da asmoa.
Irene Larrazak adierazo dauenez, ilusino handiz ekin deutsie lankidetzeari, 80 uritan baino gehiagotan dagozan zentroen sarea, zalantza barik, euskal zinemearentzat plataforma aparta baita. Hitzarmenari esker, nazioarteko audientzia barrietara helduko da bertoko produkzinoa.
Euskadiko Filmategiko zuzendaria be pozik agertu da hitzarmenagaz: Artxibo filmiko lez egiten dogun lana iragana eta etorkizuna da, oroimena eta artea, baina transmisino plataformak be behar ditu, gaur aurkeztu dogun honen modukoak, esan dau Jose Antonio Fernandezek.
Cervantes Institutua eta Etxepare Euskal Institutua lehenagotik be alkarlanean ibili izan dira, 2011n sinatutako hitzarmenari esker. Oraingo honetan, baina, konpromiso hori barritzeaz gan, hirugarren eragile bat sartu da, Euskadiko Filmategia.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!