Erroberadun aulkiko saskibaloi txapelketa nagusia Bilbora dator
2020-01-30 09:19 KirolaBarikuan eta zapatuan, Europako Champions League jokatuko da, Txurdinagako kiroldegian.
Bidaideak Bilbo klubak kirol arloan zein antolakuntzan azken urteotan egindako ahaleginak saria izan dau, izan be, Champions League txapelketa ospetsuko atariko faseko egoitzetako bat izango da Bilbo, urtarrilaren 31n eta zezeilaren 1ean. Txurdinagako kiroldegian, goiz eta arratsalde, makina bat partidu jokatuko dira, eta Bidaideak parte-hartzaileetako bat izango da.
Kirol arloko hitzordu garrantzitsu honen aurkezpenean egon dira Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputadu Lorea Bilbao eta Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol Saileko zinegotzi Itxaso Erroteta. Eurakaz egon dira Bidaideak Bilboko ordezkari bi, Álvaro Uriarte zuzendaritzako kidea eta Asier García jokalaria.
Hiru egoitza aukeratu ditue antolatzaileek Europako txapelketa garrantzitsuenaren atariko faserako. Bilboren hautagaitzearen alde egin dabe, Cantù eta Albacetegaz batera. Aukera sendoa izan da Bilbokoa, 2018an kontinenteko bigarren txapelketako, Euroligako, azken faseko egoitzea izan zalako eta Bidaideak talde indartsua dalako, Espainiako ligan zein Europan.
Bost herrialdetako beste horrenbeste talde lehiatuko dira Bilbon. Danetara hamar partidu izango dira, eta bi onenak pasauko dira hurrengo fasera. Barikuko 11:15ean hasiko dira norgehiagokak, eta hurrengo eguneko 18:00ak arte jokatuko dira.
Euroliga I lehiaketako jarduneko irabazle eta Espainiako Kopako azpitxapeldun bada be, Bidaideak Bilbo taldeak ez dau bape lan erraza izango Champions Leagueko fase honetan aurrera egiteko. Erroberadun aulkiko saskibaloian Europan dagozan talde indartsuenetako batzuk egokitu jakoz moltso berean, goi mailako txapelketak irabaztera ohituak. Honeek dira:
- RSV Lahn Dill: Alemaniako Hesse estaduko Wetzlar uriko taldea Europako poteretsuenetako bat da: Champions League sei aldiz irabazi dau, eta azken hamaika urteotan, bederatzi Alemaniako Liga eskuratu ditu. Mundu osoko izarrez betetako lantaldea dauka, tartean AEBetako selekzinoagaz urre olinpikoa irabazi eben Brian Bell eta Michael Paye.
- Amicacci Giulanova: Hau be talde historikoa da erroberadun aulkiko saskibaloian. 2010eko hamarkadearen hasieran Euroliga I eta Eurochallenge irabazi zituan Italiako ligako ordezkariak. Historiako jokalari italiarrik onenetako bat, Galliano Marchion, da joko-antolatzailea, eta Mortezza Garibloo irandarra eta Raimund Beginskis letoniarra be kontuan hartzekoak dira.
- CS Meaux: Frantziako palmaresik dotoreena dauka klub honek, tartean Frantziako 14 liga (beste inork baino gehiago), hiru Champions League eta Euroleague I bi. Frantziako selekzinoko jokalari ugari ditu lantaldean, baita Australiako izar bi be.
- TSK Rehah Merkezi: Turkiako talde poteretsuenen gerizpean hazi dan taldea dogu, azken urteotan gero eta emoitza hobeak lortzen hasi dana. Bidaideak Bilbokoek ondo ezagutzen ditue, igazko Euroligako tituluko lehian aurrez aurre izan zituen eta.
- Bidaideak Bilbo BSR: Erronka gogorra izango da honako hau bilbotarrentzat, Champions Leaguen lehenengo aldiz jokatuko dabe eta. Halandabe, konfiantzaz beteta helduko dira, igazko Euroliga I irabazteaz gan, orain etxean jokatuko dabelako. 1992an sortu zan, baina 2013tik dabil punta-puntan, Bidaideak proiektuagaz bat egin ebanetik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!