II. Euskal Errugbi Ligeak hiru maila izango ditu
2020-01-28 09:27 KirolaIpar eta Hego Euskal Herriko klubek bat egingo dabe txapelketan.
Euskal Errugbi Federazinoko presidente Iñaki Laskurainek eta Akitania Barria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeko zuzendari Arola Urdangarinek akordioa sinatu dabe, Hendaian, II. Euro Basque Rugby Challenge-Euskal Errugbi Ligea antolatzeko. 2019an jokatu zan txapelketa hori lehenengoz, eta bigarrenerako prest dagoz antolatzaileak, Euskal Herria Kirola erakundeak sarean zabaldu dauenez.
Aurten, hiru kategoria izango ditu Euskal Ligeak. Emakumezkoetan, bat, nagusia. Gizonetan bi, nagusia eta bigarren mailakoa. Ohiko moduan, Euskal Herri guztiko taldeek parte hartzea da asmoa, Ipar zein Hegokoek. Halandabe, oraindino ez dabe argibiderik emon lehiaketearen formatuaz eta parte-hartzaileez.
Fetxa zehatzak erabagiteko dagozan arren, antolatzaileek aurreratu dabe 2020-21 aurredenporaldian jokatzea dala asmoa, hau da, aurtengo abuztu eta irailean. Bigarren mailako txapelketea eta emakumezkoena udabarri bueltan jokatzea ez dabe baztertu. Kluben egutegien eta beharren arabera atonduko dabe egutegia.
Euro Basque Rugby Challenge-Euskal Errugbi Ligearen lehenengo edizinoak federazino eta erakunde publiko ugariren babesa izan eban, besteak beste, Eusko Jaurlaritzearena, Akitania Barria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearena eta Rugby 64 departamendu-batzordearena. Finala irailaren 7an jokatu zan, Ordizian, eta Baionako Aviron izan zan txapeldun.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!