Barikuan hasiko da Arabako Bertso Kuadrillarteko Txapelketea

Bizkaie! 2020-01-20 07:53   Bertsolaritzea

Idatzizko eta bat-bateko modalidadeetan, 240 lagunek hartuko dabe parte.

Aramaion aurkeztu dabe 2020ko edizinoa (argazkia: Arabako Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Aurten seigarren edizinoa beteko dau Arabako Kuadrillartekoak, urte birik behingo taldekako txapelketeak. Dana prest daukie antolatzaileek, eta barikuan, hilak 24, izango da lehenengo saioa. Hamabi kanporaketa, hiru finalaurreko eta martiaren 28ko finala izango ditu 2020ko edizinoak.

Bat-bateko eta idatzizko modalidadeetan banatu dabe aurtengo txapelketea. Hamabi talde dagoz bat-batekoan, bakotxa hiru eta sei bertsolari bitartekoa. Horrezaz gan, gai jartzaileak, epaileak, argazkilariak, sukaldariak eta abar dagoz talde bakotxean. Izan be, euren herrietako saioak antolatzeaz, besteen jarduna epaitzeaz... arduratzen dira taldeak.

Arabako hainbat eskualdetako taldeek emon dabe izena: Aiaraldea, Mendialdea, Lautadea (talde bi), Gorbeialdea (hiru talde) eta Gasteiz (bost talde).

Idatzizkoan, bestetik, hamasei talde lehiatuko dira. Gazte asanbladak, Berbalagun taldeak, lagun kuadrillak, bertso eskolako kideak... dagoz idatzizko taldeetan. Zortzi eskualdetako ordezkariek emon dabe izena, eta bat-bateko saioakaz batera izango dira idatzizkoak. Modalidade biak kontuan hartuta, 280 bat parte-hartzaile ibiliko dira aurten Kuadrillartekoan.

2010ean antolatu eben lehenengo aldiz Arabako Kuadrillartekoa, betiko txapelketen alternatiba barritzailea eskaintzeko asmoz. Urte birik behin egiten dabe. Bertsolari barriei plazara urteteko aukerea emotea eta Arabako bertsogintzea indartzea dira helburuak.

Hona hemen egutegia:

Kanporaketak (12 saio)

Urtarrilak 24, 25: hiru saio; Laudio, Gasteiz eta Aramaio

Zezeilak 1: saio bi; Gasteiz eta Zalduondo

Zezeilak 7, 8: lau saio; Mendiola, Gasteizen hiru

Zezeilak 14, 15: hiru saio; Agurain, Murgia, Aramaio

 

Finalaurrekoak (3 saio)

Zezeilak 29, lehenengo finalaurrekoa: Aguraingo Zabalarten

Martiak 7, bigarren finalaurrekoa: Aramaioko Sastiñan

Martiak 14, hirugarren finalaurrekoa: Amurrioko Kultur Etxean

 

Finala

Martiak 28, Murgiako Palatu kirol eremuan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu