Mugiment Kirol Txartela 16 udalerritara heldu da
2020-01-15 13:58 KirolaUdal kirol instalazinoetarako txartel bakarra Bizkaiko Meatzaldean eta Ezkerraldean erabili dabe orain arte.
Barakaldon agerraldia egin dabe Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko eta hainbat udaletako ordezkariek, Mugiment Kirol Txartelaren hasierako pausuen balantzea egin eta nobedadeen barri emoteko. Orain arte, Bizkaiko Meatzaldea eta Ezkerraldea eskualdeetako bederatzi udalerritan erabili ahal izan da, eta aurrerantzean 16 egongo dira sarean.
Hain zuzen be, Bizkaiko bederatzi udalerri horreei, Arabako Laudio eta Amurrio eta Gipuzkoako Arrasate, Bergara, Oñati, Aretxabaleta eta Eskoriatza gehitu jakez orain. Danetara, 355.000 biztanleko eremua hartzen dau dagoeneko.
Udal kiroldegiak erabilten dituen herritarrentzat abantaila handi bat dakar Mugiment Txartelak: Sarean dagozan beste udalerrietako kiroldegiak be erabili leikiez, bertako bazkide balira legez. Une honetan, 7.775 erabiltzailek daukie Mugiment, eta udal arteko 17.116 erabilera erregistrau ditue orain arte. Beraz, hasierako fase pilotua ontzat jo dabe bultzatzaileek.
Hurrengo helburua Bizkaiko udalerri gehiagotara heltzea izango da, Getxo, Erandio, Sopela, Derio, Mungia, Bakio, Basauri eta Etxebarrira hain zuzen. Hurrengo urte bietan, Mugiment Kirol Txartela Euskal Autonomia Erkidego osora heltzea da aurreikuspena.
Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultura sailburuak adierazo dauenez, legealdi honetarako ezarritako helburuetako bat da jarduera fisikoa sustatzea. Ganera, azpimarratu dau txartel bakarraren kontzeptua Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurralde historikoetara eroateak garrantzia daukala.
Mugiment Kirol Txartela erabiltea erraza da, baina telefono adimenduna beharrezkoa da, aplikazino baten bidez dabil eta. Behin aplikazino hori telefonoan instalau eta NAN zenbakia erregistrauta, Mugiment erabilteko baimena jasoko dau erabiltzaileak. Beste udalerri bateko kirol instalazino batera sartzeko, NANa eta telefonoaren pantailea erakustea nahikoa da.
Txartela eskuratzea doban da, baina aurrez norberaren udalerriko kirol txartela indarrean izan behar da. Masifikazinorik egon ez daiten, udal kiroldegiek beste herrietako erabiltzaileentzako ordutegia mugatu leikie zerbitzu batzuetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!