Euskal emakume zinemagileen proiektuak sustatzeko II. Noka Mentoring aurkeztu dabe
2020-01-15 13:28 Zinemea2020an aukeratuko diran 3 proiektuek ospe handiko mentoreen laguntzinoa jasoko dabe.
Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Tabakalerak Noka Mentoring programea aurkeztu dabe gaur, euskal emakume zinemagileen presentzia eta ikusgaitasuna sustatzeko ekimena. Noka Mentoringen helburua Euskadin eta Nafarroan bizi diran emakume zuzendari hasibarrien film luzeen proiektuak tutorizau eta laguntzea da. Bigarren edizino honetan, Tabakalerak hartuko dau bere gan proiektuaren antolaketea, eta zinema eta ikus-entzunezko arloaren garapen-programen artean ez eze, Donostia Zinemaldia (SSIFF), Euskadiko Filmategia eta Elías Querejeta Zinema Eskoleagaz (EQZE) batera osotzen dauen erakunde eta profesional-sarean be txertatuko da.
Gaur goizean egin dabe ekimenaren aurkezpena Tabakaleran, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde Joxean Muñozek, Tabakalerako zuzendari Clara Monterok eta zinemea eta ikus-entzunezko programearen arduradun Victor Iriartek. Noka Mentoringek denporea, espazioa, testuingurua eta akonpainamentu profesionala eskaintzen deutse zuzendari parte-hartzaileei euren filmen hasierako fasean; horrezaz gan, ahalik eta osoena izango dan zuzendari-txosten bat egiten be lagunduko deutse, eremu zinematografikoan gaur egun eskaintzen diran utor laguntzino batzuk eskuratzeko aukerea izan deien, bai Eusko Jaurlaritzakoak, bai ICAAkoak (Kultura Ministerioko Zinema eta Ikus-entzunezko Institutua), baita nazinoarteko industria zinematografikoko foro profesionaletakoak.
Nazinoarteko tutoretzak
Prozesu osoan hiru tutore egongo dira, eta horreek hautatutako hiru proiektuen jarraipena egingo dabe programa osoan zehar. Hiru utoren profilek lotura zuzena izango dabe zinema-sorkuntzeagaz. Mentoringean alderdi bi buztartuko dira: batetik, film baten ideazino-prozesura sormenaren bidez hurreratzea eta, bestetik, proiektu horreek merkatuan eta zinemearen industrian txertatzeko beharrezkoak diran moduluen eskaintzea.
Hautatutako hiru zuzendariek Nokak eskainitako programan parte hartu ahal izan deien eta proiektuak ahalik eta baldintza onenetan egin daitezan, horreetako bakotxak 4.000 €-ko laguntzino ekonomikoa jasoko dau.
Deialdia
Noka Mentoring Euskadin eta Nafarroan jaio edo bizi diran eta fikzinoko edo ez-fikzinoko film luzeko proiektuak dituen zuzendari barriei zuzenduta dago (lehen edo bigarren filma).
Zuzendari talentudunak eta begirada zinematografiko propioa lantzeko gogoa dabenak babestu nahi dira Noka Mentoring proiektuagaz, bilaketa-prozesua obrearen zati lez ulertzen dabenak, zirriborratzen hasi diran irudi eta soinu horreen zergaitiari buruzko galderak egin nahi dituenak, euren proiektuetan dimensino artistiko eta sortzailea ez eze zinemearen industrian eta prozesu profesionaletan parte hartzeko beharra integretan dituenak, euren film-proiektuek zinemearen hiru garaiakaz, joana, oraina eta etorkizunana, alkarlotzeko aukerea dabenak.
Zinema tradizino artistiko baten parte dala eta, aldi berean, ahots barriak behar dituan industria baten parte dala ulertzeko, begirada anitzen aberastasuna bilatzeko jarrera hori balorauko da proiektuak aztertzerakoan.
Zinema-ekosistemea
Noka Mentoring Tabakaleran zinemagintzan dabizen erakundeek konpartidutako programetan dagoeneko aktibauta dagoan sare profesionalean eta prestakuntzakoan sartuko da.
Tabakalera kultura garaikideko nazinoarteko zentroan euskal zinemearen ondareari eutsi eta eguneratzen dauen Filmategia dago; baita A kategoriako nazinoarteko zinema-jaialdi bat be, programetan industria, merkatua eta sorkuntza garaikidea batzen dituana; zinema-eskola bat, prestakuntzearen esparruan aitzindaria eta bakarra dana, eta bere hiru espezialidadeetan (artxiboa, komisariotzea eta sorkuntzea) joanaz, orainaz eta etorkizunaz galdetzen dauena; eta zinema-pantaila bat eta erakunde ezbardinen artean egindako zinema-proiektuen garapen programak koordinetan dituan proiektu kulturala.
Egunero eta alkarregaz, zinemeagatik eta zinemearentzat lan egiten dauen testuinguru profesional hori da Noka Mentoring programearen fase barriko balio bereizgarririk handiena, beste programa batzuekaz konparauta.
Aukeratutako emakumezko zuzendariek, beraz, talentu zinematografiko barria sustatzeko Tabakalerak egiten dauen lan sistema honetan parte hartu ahal izango dabe; horri esker, aukeratutako hiru zuzendariek Tabakalerako pantailea konpartiduko dabe zinema-saio guztietara doban sartzeko.
Era berean, EQZEko zuzendaritza akademikoagaz batuko dira, euren proiektuen eta eskola-egutegien arabera, Noka Mentoring prozesuaren hilebeteetan zinema-eskolan egingo diran tailer eta klaseetara ikasle gonbidatu lez joateko aukerea aztertzeko.
Horrezaz gan, industriako akreditazino profesionala izango dabe Donostia Zinemaldiaren 2020ko edizinorako (2020ko irailaren 18tik 26ra) eta, beraz, jaialdira eta haren industria-arlora joan ahal izateko esperientzia hori programan sartuko da, prestakuntza eta laguntza-jarduera legez.
Proiektuak aurkeztea
Proiektuak jasoteko epea 2020ko zezeilaren 1etik 28ra egongo da zabalik. 2020ko martiaren 6an jakinarazoko dira programan parte hartzeko hautatutako hiru proiektuak. Hautaketa batzordea honako honeek osotuko dabe: Amaia Serrulla SSIFFko ordezkari, Maider Oleaga zinema zuzendari eta EQZEko irakaslea, eta Lur Olaizola Tabakalerako zinema eta ikus-entzunezkoen arloko koordinatzailea.
Garagarrilaren 1erako, Tabakalerak, Donostia Zinemaldiak (SSIFF) eta Elías Querejeta Zinema Eskoleak (EQZE) eskaintzen daben Ikusmira Barriak zinema-proiektuak jorratzeko egonaldi artistikoen deialdira aurkezteko prest egon beharko dabe proiektuek. Ikusmira Barriak programearen deialdia garagarrilaren 1etik abuztuaren 31ra egongo da zabalik, eta Noka Mentoring programearen helburuetako bat hiru proiektuak prestatzea da, deialdi horretara baldintza onenetan aurkeztu ahal izan daitezan.
Interesa daben emakume zinemagileek Tabakalerako webgunean topauko dabe informazino guztia eta noka@tabakalera.eu helbidera bialdu beharko dabe beharrezko material guztia.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!