Ama Dablamera doa Dar Dar alkartea

Bizkaie! 2020-01-15 10:39   Kirola

ELA gaixotasunari ikusgarritasuna emon eta ikerketarako dirua batzea da asmoa.

Dar Dar ELA elkarteak espedizio bat egingo dau Himalayara 2020ko urrian eta zemendian, eta bertan 6.812 metroko Ama Dablam igoten saiatuko dira, ELA gaixotasunari ikusgarritasuna emoteko eta ikerketara bideratutako dirua batzeko.

Babesleen bila dabiz orain baina Getxoko Andres Isasi Musika Eskolan aurkeztu dabe bart Ikaika Mediaren Dar Dar ELAntártida dokumentala; dokumentalean La Antártida herrian egindako espedizinoaren gorabeherak erakutsi ditue.

Aurreko espedizioan bezela, Unai Llantada Zallako mendizaleak gidatuko dau Ama Dablamerako eskaladea, Fernando Novales, Raul San Roman eta Alex Azkunaga gidoilari eta kamera profesional legez, eta Getxoko Dale Candelako Jaime Lafita ELAko gaixoak be parte hartuko dau.

Dar Dar ELA alkarteak Vinson mendira espedizinoa egin eban 2018an Antartikan, eta Pablo Olmos, Zallako bizilaguna eta ELAko gaixoa, eskaladako momentu bakotxa etxean bizi ahal izan eban; bertatik, etapen eguneroko kontaketea egin eban sare sozialen bidez.

Dar Dar alkarteak dei egin deutse ELA gaixotasuna daben beste persona batzuei, baita Alboko Esklerosi Amiotrofikoaren kontrako mundu osoko alkarteei be, espedizinoan Olmosek bezela laguntzeko aukerea izan deien.

Ikastetxeei be espedizinoan parte hartzeko aukerea emongo jake beharrezko ikus-entzunezko materialagaz, espedizinoa balioetan eduketako proiektu bihurtzeko.

Espedizinoagaz bat egin eta tontorra urrunetik eskalau nahi daben personek eta kolektiboek proiektura atxikituko dira agiri baten bidez, ezelako kostu barik eta mendizaleek oinarrizko kanpamenduraino laguntzeko aukerea be izango dabe.

Erakundeak nabarmendu dauenez, eskaladea ahalik eta jentetsuena izatea nahi dabe ELAri ikusgarritasuna emon eta gaixotasuna osatzeko ikerketan aurrera egin ahal izateko.

Dirua batzeko prozesuan espedizioaren sustapen-artikuluak izango dira eta hainbat saltokitan eskuratu ahal izango dira.

Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu