José Azqueta bela-nabegatzailea da 2019ko Getxoko kirolari onena

Bizkaie! 2020-01-14 09:18   Kirola

Getxo Sasoi Sasoian Kirolaren Galan jaso dau saria Areetako Itsas Alkarteko kideak.

Jose Azquetak 2019ko Getxoko kirolari onenaren saria jaso eban bart Getxoko Udalak Olatua kruzeroen terminalean antolatutako Getxo Sasoi Sasoian XIII. kirol galan. Sari horri esker, Areetako Real Club Marítimo del Abra-Real Sporting Club itsas alkarteko bela-nabegatzaileak denporaldi bikaina zarratu dau, izan be, beste lorpen batzuen artean, bosgarren izan da J80 klaseko Munduko Txapelketan eta hirugarren Espainiako Bela Txapelketan.

Getxo Kirolak-eko eta Udaleko teknikariek eta kirolagaz lotutako herriko erreferentziazko personek osotutako epaimahaiak honako kirolari honeek be saritu ditu: Victoria Madariaga hockey-jokalaria (zidarra eta brontzea Euskadigaz, 18 eta 16 urtez azpiko txapelketetan, hurranez hurran) eta Jon Míguez boxeolaria (welter pisuko munduko txapelduna), junior mailan; baita Virginia Díaz Raspas Arraun taldeko arraunlaria be (Europako txapelduna lemazainik bako 2koan eta Espainiako Distantzia Luzeko txapelduna, eta, gainera, Tokioko Joko Olinpikoetan parte hartuko dauena), senior mailan.

Biobizz ontziko patroia, José Azqueta, pozik egoan eta jasotako saria eskertu eban, 2019ko kirolari onena izentetan dauena: Urte ikusgarria zarratzeko ezustekoa izan da. Pare bat urte egin ditut gogor entrenetan eta, egia esan, ez genduan espero maila horretan egotea. Beharrezko baldintzak izan dira, eta azkenean lortu dogu goian egotea. Oso harrituta baina oso pozik, onenakaz hor egoteagaitik. 2019 urteko helburuei begira, kirolariak aurreratu dau, gagozan legez jarraitzea ez da txarra, ahal dogun guztia lantzen eta entrenetan jarraitzea, eta aurrekoaren antzeko denporaldia egiten jarraitzea. Aurten Espainiako Txapelketea, Espainiako Kopea eta Europakoa egingo ditugu.

Amaia Agirre alkateak edizino honetako goiburuari buruzko aitamena egin eban galearen aurkezpenean, Kirola baino askoz gehiago. Agirrek azpimarratu ebanez, goiburuak bikain erakusten dau kirolak, jarduera fisikoak eta aisia osasungarriak daben potentzial itzela gure politika publikoen zati handi bat indartzerakoan, izan be, kirolak berez onura asko eskaintzen deutsoz praktiketan dauenari, baina, duda barik, baita komunidadeari be. Baina aurtengo goiburuak, alkatearen esanetan, kirolean emoitza ona izateko ahalegina eta balioak azpimarratzen ditu. Diziplina eta bikaintasunaren bilaketea. Era berean, familiaren eta giza taldearen babesa eta konpromisoa nabarmendu behar dira, lehiaketa-mailan kirola egiten dozuen guztion momentu onak eta txarrak bizi dituzuelako. Hori guztia dala-eta, Getxok zuon lana saritzen dau, kirolarien, kluben eta alkarteen komunidade handi horretan danok sartzen baikara zuzenean edota zeharka. Beraz, alkate moduan, gure eskerrik zintzoena emon gura deutsuet urtetik urtera egiten dozuen lanagaitik.


Sari kolektiboak

Getxoko kirolaren jaian 300 lagun baino gehiago batu ziran, eta honako talde honeek be saria izan eben: gazte mailan, Getxo Ugerketa Waterpolo Bolue Alkarteko Ugerketako emakumezkoen taldea, Espainiako Txapelketan umeen 4x100 erreleboan zidarrezko dominea irabazteagaitik; eta Real Club Marítimo del Abra-Real Sporting Club-eko gizonezkoen belaontziko eskifaia, Munduko eta Espainiako txapelduna J80 klasean.

Senior taldeei jagokenez, Raspas Arrauneko emakumezkoen lemazaindun 8koak jaso dau saria, Espainiako jesarleku mobikorreko txapelketan irabazitako urrezko dominagaitik, eta, gizonezkoetan, Getxo Arraunen traineruak, KAE 1 Ligara igoteagaitik.


Sari bereziak

Sari berezien atalean, Getxo Gimnastika Klubak Bardintasuna indartuz saria eskuratu dau, bardintasuna sustatzeagaitik, taldean hiru mutil sartu baititu; Getxo Arraun Taldeko Jorge Pineda arraunlariak dibersidade funtzionala daben kirolarien Markea hausiz saria irabazi dau bigarren urtez jarraian, arraun egokituko Munduko Txapelketako laugarren postuagaitik eta Paraolinpiadetarako sailkatzeagaitik; Iñaki Zubizarretak saskibaloi jokalari ohiak Kiroltasuna saria jaso dau, bere gizarte-lanagaitik eta bullyingaren kontrako burrukan dauen konpromisoagaitik; Getxo Barrituz barrikuntzeari saria, Jabier Baraiazarra Bilbao Mendi Film Jaialdiko zuzendariarentzat izan da, kirola eta kulturea buztartzeagaitik; Real Club Marítimo del Abra-Real Sporting Club alkarteak Getxo Zabala saria irabazi dau, batez be, Jose Luis de Ugarte Eskolaren bidez belea harrobiagaz sustapen-lana egiteagaitik; eta, azkenik, Gonzalo Beitiak Aitzindariak saria jaso dau, mitoarena: Athleticen, Bartzelonan eta Atletico Madrilen jokatu eban. Athleticekin Kopa bat irabazi eban 1958an eta Europako txapeldunorde be izan zan Barçagaz 1961ean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu