Gernikako Arbola maratoi solidarioak helburua bete dau

Bizkaie! 2019-12-31 08:03   Kirola

Javi Condek, Jon Salvadorrek eta Begoña Beristainek 42 kilometroko ibilbidea egin dabe.

Salvador, Beristain eta Conde, helmugara heltzen (argazkiak: Bizkaiko Batzar Nagusiak) | Ikusi handiago | Argazki originala

Astelehen goizeko 09:00etan hasi da Batzar Etxearen inguruko Gernikako Arbola maratoi solidarioa, ongintzazko hainbat proiekturi laguntzeko ekimena. Batzar Etxearen inguruan arineketan ibili dira Javi Conde, Jon Salvador eta Begoña Beristain, 170 metro eskaseko zirkuituan. Maratoiaren 42,195 kilometroak beteteko, beraz, 257 buelta emon behar izan ditue.

Horren espazio txikian maratoiaren distantzia betetea erraza ez dan arren, hiru kirolariek amaitu dabe erronkea. Arratsaldeko 14:00ak baino lehen, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak sariak emon deutsez Conde, Salvador eta Beristaini. Bizkaitar guztiontzat ohore handia da zuen erronka solidarioan Gernikako Arbola sartu izana, euskal askatasunen sinboloa eta gure historiaren ikonoa baita, esan deutse Otaduik.

Batutako dirua ondoko proiektuei laguntzeko izango da: Aunar Taper Solidario Alkartea, Stop San Filipo Elkartea, Kirol Egokituaren Euskal Federazinoa, Saharako Errefuxiatuen Kanpamendua, Basauriko Atletismo Egokituaren Kluba eta Aingeru-Etxebarri Proiektu Solidarioa eta Jesusen Mirabeak.

Javi Conde atleteak urte ugari daroaz Bizkaiko leku esanguratsuetan maratoi solidarioak antolatzen. Jon Salvador bidelagun, urtero halako bat korriduten dau gitxienez. Aurtengo erronkan, Begoña Beristain kazetari eta korrikalaria batu jake, helburu solidarioagaz bat egiteaz gan, emakume kirolariak ikusgai bihurtzeko helburuagaz.

Helburua solidarioa izan arren, irabazleen podium bakoa, Gernikako Arbola maratoia seriotasun osoz antolatu dabe. Ibilbidea eta distantzia homologau ditue, eta Bizkaiko Atletismo Federazinoko epaileek kontrolau dabe hiru parte-hartzaileen jarduna.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu