12.360 ikusle hurreratu dira BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia Nazinoarteko Jaialdira

Bizkaie! 2019-12-16 07:55   Zinemea

Treeline: gizateria eta naturearen arteko lotureak irabazi dau 2019ko BBK Mendi Film.

Jordan Manley kanadarrak zuzendutako Treeline filmak irabazi dau BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia Nazinoarteko Sari Nagusia. Arbolak dira ardatz Columbia Britainiarra, Japonia eta Nevadako basoak erakusten dituan filman. Eta mezu bat: gizateria eta naturearen arteko loturea indartzeko beharra. Maisulan bat.

BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinemaldiko Sail Ofizialeko epaimahaiak, Rossana Stedille, Irene Larraza, Keith Partridge eta Gaizka Bourgeaud-ek osotua, 2019ko sarien zerrendea erabagiteko orduan, ondoko ebazpenak emon ditu:

- Sari Nagusia

Eguzkilorea eta 6.000€ Treeline
Jordan Manley | 2018, AEB

Gaur egungo munduan, gizadiaren eta mundu naturalaren arteko loturea galtzeko arriskuan gagozan momentuan, film honek ezagutzera emoten ditu orden nagusi bat eta miloeka urtez existidu izan dan inteligentzia sare naturala, gurea baino lehenagotik egon izan dana. Irudi oroitarazleekin, personaia sotilekin, soinu-banda misteriotsuarekin, argumentu sinesgarriarekin eta zientzia protagonistatzat duelarik, filmak entzun beharreko mezua transmititzen du, geure burua eta inguruan duguna babestu ahal izateko.


- Zuzendari Onena

Eguzkilorea eta 3.000€ Dariusz Zaluski
Ostatnia Gora | 2019, Poland

Zuzendariak gaitasun itzela darabil ikusezina bihurtzeko eta 2018an K2ra abiatutako neguko espedizio poloniarraren zirrikituak aurkezteko. Istorio hunkigarria dakar, ikusleak mendizaleen alkarbizitzaren lekuko zuzenak bilakatuz. Erabagi gogorrek, egoera bildurgarrietan jasoten diran neurrian, ikuslea dar-dar egitera bultzatzen dabe tontor menperaezinaren aurreko tensinoa areagotzen danean.


- Gidoi Onena

Eguzkilorea eta 2.000€ Final Ascent: The Legends of Hamish Macinnes
Robbie Fraser | 2019, UK

Istorio honek erakusten deusku era leun eta maitagarrian, gizon batek bere oroimena eta askatasuna berreskuratzeko egiten dauen esfortzua. Protagonistearen artxiboak erabilita, zuzendariak gizon harrigarri baten bizitzan zehar eroango ditu ikusleak. Alpinismoaren abangoardian eta mendizaletasun garaikidearen garapenean parte hartu ondoren, mito honek ezagutzera emoten dau zahar egitearen eta horren ondorioen egia unibersala. Hamish MacInnes.


. Argazkilaritza Onena

Eguzkilorea eta 2.000€ Cielo
Alison McAlpine | 2018, Canada

Zinemagile handi baten oinarria argazki ederrak sortzeko ahalmenean dago: era teknikoan, artistikoan eta, beharrezkoa danean, era ikusezinean be. Film honek erakusten dauen maisutasunak ikusle jarrerea dauen dokumental estiloko filmazinotik zehaztasun handiko filmazino teknikora, lilurea eragiten dau eta indar handiko personaiak aurkezten deuskuz. Film honetan edertasuna igarten da, beste mundu bategaz konektau, eta kontenplazinoko berbak entzun.


- Epaimahaiaren Saria

Eguzkilorea eta 2.000€ Cholitas
Jaime Murciego & Pablo Iraburu | 2019, Spain

Ezkutuko gaiak, gainditze eginahalak, eta erronka epiko bat dira istorio handi honen osogaiak. Danetik dauka pelikula honek: personaia itzelak eta ezarritako kulturearen azterketea. Bost emakume adoretsuren arrastoa jarraitzen dau mendia eskaletako bidean. Herrialdean aldaketak eragiteko aukera bikaina izateaz gan, berezko edertasuna eta bihotz zabaleko emakumeok nornahi hunkitzen dabe.


- Mendiko Filma Onena

Eguzkilorea eta 1.500€ Ostania Gora
Dariusz Zaluski | 2019, Poland

Lagunartekoa eta, aldi berean, korala dan bideari eutsiz, alpinismoak zer esan nahi dauen ezagutuko dogu. Helburu bat ezarri, hil edo biziko egoeren aurrean hartu beharreko erabagi gatxak konpartidutea. Emozinoek eta gatazkek ederto azaltzen ditue espedizino epiko baten propio diran zailtasunak.


- Eskaladako Film Onena

Eguzkilorea eta 1.500€ Climbing Blind
Alastair Lee | 2019, UK

Amesak beteteko gogor lan egitearen eta zure mugetatik harago joatearen erakusgarria, galerea era xumean onartzen dozun bitartean. Maitasuna eta adiskidetasuna batzen dira lorpen epiko honetan.


- Kultura eta Natura Film Onena

Eguzkilorea eta 1.500€ The river and the wall
Ben Masters | 2019, USA

Mezu indartsuak bialtzen dituen istorioek arazoei buruzko hausnarketa sakonetara eroaten gaituen. Pelikula honetan, zinemagileak eta bere lagunek egitura sinboliko baten eraikuntzak sortutako eraginen azterketea egin nahi dabe, kontrako inpaktua sorrarazoten dauelako babestu nahi dituan horreetan. Ardatz narratibo ikusgarria dauka pelikula honek: ibaiaren bi aldeetako komunidadeetan dauen eragin sozioekonomikoa eta proiektu honek lurreko bizidun basatiei eragingo deutsen mina erakusten ditu. Eta mundu modernoak bere ahultasuna aintzat hartzeko dauen preminan arretea jarteko beharra agirian ixten dau.


- Kirol eta Abentura Film Onena

Eguzkilorea eta 1.500€ Ome
Jen Randall | 2019, Canada

Film honegaz sartzen gara munduari bueltea emoten deutson bidaia batean, esfortzuz eta bakardadez josita dagoen bidaia. Era berean, etenbarik egingo deutso aurre arriskuei eta zenbait egoera hunkigarri jasoko dira. Norbere bidea topau eta helburuak lortzeak sorrarazotako plazerrak ezagutuko ditugu.


- Film Labur Onena

Eguzkilorea eta 1.000€ Nebula
Jay Trusler | 2019, Canada

Gainditu beharreko erronkak sorrarazoten dauen testuinguru bikainean eta indar handiko argazkiak gehituta, pelikula honek narratiba trinko eta berezia dauka, unean bertan kontau behar dana: bilatu, porrot egin, gainditu eta, azkenik, erantzun bikaina lortu. Egoki kontautako istorio baten elementu guztiak buztartzen dira, agerraldi harrigarri bati bide emonaz.


- Euskerazko Film Onena

Eguzkilorea eta 1.000€ Artiko
Josu Venero & Jesus Mari Lazkano | 2019, Spain

Film honek Artikoaren funtsa era arrakastatsuan jasoten dau dimensino askotan: zinematografikoan, piktorikoan eta poetikoan. Obra honek garraiatzen gaitu, era oso leunean, aparteko eremu natural batera.


BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaiak zortzigarren urtez jarraian gora egin dau ikusle marka barria ezarriz

- 10 eguneko zinema jaialdia (abenduak 6-15).

- 12.360 ikusle.

- 26 saio Sala BBK-n.

- 13 saio Golem Alhondiga zinema-aretoetan.

- Hasiera Ekitaldia Euskalduna Jauregian.

- 60 film, jatorriz 13 herrialde.

- 172 film izena emonda, sail ofzialean sartzeko hautagaitzan.

- 56 protagonista/zuzendari/produktore euren filmak aurkezten.

- 9 hizlari Mendi Talk eta Panel Talk-etan.

- WOP Sari berezia: Nives Meroi eta Romano Benet.

- 5 erakusketa gune: Zabalgune eraikina, Sala BBK, Metro Bilbao (Abando eta Moyua), ETS-Zazpikaleak/Casco Viejo geltokia, eta Club Deportivo Bilbao.


2020. urtea

2020ra begira, Mendi Tour zirkuitua zehazten hasita dagoz, izan be, urtarrilean bertan izango da 2019ko BBK Mendi Filmeko pelikula onenen eskaintzaz gozetako aukerea han eta hemen. Eta 2020ko abenduko Bilboko hitzordu nagusiak be baditu datak: 2020ko abenduaren 4tik 13era egingo da BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia 13. edizinoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu