Nives Meroi eta Romano Benet omenduko ditu Mendi Film jaialdiak
2019-12-13 08:35 ZinemeaZapatuan emongo deutsie WOP Saria, Bilboko BBK Salan.
XII. BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdia aurrera doa, azken asteburuari ekiteko prest. Hortaz, hurrengo orduetan jakingo dogu irabazleen barri, eta epaimahaiaren eretxiz film onenak aurkeztutakoek sariak hartuko ditue. Baina, horrezaz gan, merezimenduzko WOP Saria emongo deutsie aurtengo edizinoko omendu biei, Nives Meroi eta Romano Beneti.
Alkartasuna eta goi mendiko baloreak sarituko ditu WOP Fundazinoak Meroi eta Benet Bilbora konbidauta, izan be, bikote italiar honen ibilbide alpinistikoa benetan azpimarratzekoa da, ez bakarrik kirol merituagaitik, baita erakutsitako gizatasunagaitik be.
Kontua da, Meroik eta Benetek 14 zortzimilakoak oxigeno botilen eta zamaketarien laguntzino barik igonda dituala, baina 2009an, 12.a igotear zirala (Kangchenjunga), bizitzeak kolpe latza emon eutsen. Benet ondoezik jarri zan, larri.
Meroik tontorra esku-eskura eukan arren, gurago izan eban bikotekidearen alboan geratu eta bajatzen ahalegindu, bizirauteko aukera urria euki arren. Azkenean, sufrimendu handien ostean, heldu ziran etxera. Italian, Beneti gaixotasun larri bat topau eutsien, baina transplante bi jaso eta gero, osatu egin zan. Bitarte horretan, Meroi ez zan mendira joan. Benet ondo egon arte itxaron eban, eta orduan, faltau jakezan zortzimilakoak igon zituen, alkarregaz.
Bizitzearen bidea aukeratu eban Nives Meroik, tontorrera igotearen aurretik, azaldu eban WOP Fundazinoko Mikel Renteriak, udan egindako adierazpenetan. WOP Sarien helburua mendiaren balore sozialak gizarteratzea danez, Meroi eta Benet hautagai aproposak dira. Bilbon batutako mendizale, zinemagile eta ikus-entzule guztiek omenaldi beroa egingo deutsie.
Hain zuzen be, bihar, zapatua, izango da WOP Saria emoteko ekitaldia. BBK Salan egingo dabe, 19:30ean. Aurreko edizinoetan, Juanjo San Sebastian, Peter Habeler, Chris Bonington, Josep Manuel Anglada eta Jeremy Collins izan dira irabazleak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!