23. Cortada film laburren jaialdia, gaurtik Gasteizen
2019-12-11 08:54 ZinemeaZapatura arte, 52 pelikula proiektauko ditue.
Ondo finkatutako hitzordua da Cortada film laburren jaialdia, aurten dagoeneko 23. edizinoa beteko dauen ezkero. Sortzaileen artean be badauka ospea, bertan parte hartzeko egoten dan eskaria kontuan hartuta. Antolatzaileek 1.279 film jaso ditue aurten, eta, beraz, zorrotz ibili behar izan dabe onenak aukeratzeko.
Abenduaren 11tik 14ra izango da 23. Cortada, hau da, gaurtik zapatura, Dendarabako Vital Fundazinoaren Aretoan. Jasotako guztien artean aukeratutako 52 film labur proiektauko ditue lau egunotan. EHUren Arabako Campusak antolatzen dau jaialdia, Gasteizko Udalaren eta Vital Fundazinoaren laguntasunagaz. Kepa Sojo zinemagile arabarra da Cortadako koordinatzailea.
Ikusi ahal izango diran pelikulen artean danetariko generoak dagoz, film labur klasikoetatik hasi eta zinema esperimentalera. Edade guztietako publikoa gustura ixteko moduko egitaraua dala dinoe antolatzaileek. Hiru atal nagusi izango ditu Sail Ofizialak: Fikzinoa, animazinoa eta dokumentala. Hilaren 13an, barikua, euskal zinemearen eguna izango da, Gureak saileko euskal film laburren eta Hemendik ataleko film arabarrakaz.
Euskereak be badauka lekua Cortadan. Batetik, euskerazko hainbat film aukeratu ditue jaialdiko sailetan parte hartu deien, eta, bestetik, EHUskarabanda Bideomaratoia egingo dabe eguenean, abenduak 12.
Aurreko edizinoetan legez, oraingo honetan be Goya Sarietarako baliogarria izango da Cortadako Sail Ofiziala, hau da, Gasteizko jaialdian ikusten diran filmek Espainiako Akademiaren Sarietan parte hartzeko aukeratu leikiez. Forqué Sarietarako be balio dau Cortadak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!