Zornotzako 5. Kine Rally lehiaketea, laster martxan

Bizkaie! 2019-12-10 13:29   Zinemea

Parte-hartzaileek 24 ordu izango ditue film laburrak aurkezteko.

Lehiaketea aurkezteko agerraldia (argazkia: Amorebieta-Etxanoko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Egun bakarrean pentsau, grabau eta editautako film laburren lehiaketea da Kine Rally, Zornotzako KINE Zineklubak antolatua. Asteon, bosgarren edizinoa dator, eguenean hasi eta domekara bitartean, eta parte hartu nahi dabenek bizkor ibili beharko dabe izena emoteko.

Eguenean, hilak 12, hasiko da lehiaketea, ze egun horretan, aurtengo gaiaren inguruko pista txikia emongo deutsie izena emon dabenei, lehiaketarako motorrak berotzen hasi daitezan. Bariku iluntzean, Zornotza Aretoan egingo dan jaian emongo deutsie gaia, ordura arte antolatzaileek ezkutuan gordeta eukitakoa. Hor hasiko da benetako lehia.

Zapatu gaueko 20:00ak eta 21:00ak bitartera arte, 24 ordu izango ditue parte-hartzaileek filma egiteko, emondako gaiagaz lotuta. Hau da, egun bakarrean pentsau behar dabe gidoia, ondoren grabau eta, azkenik, editau. Epaimahaiak film guztiak ikusi, eta domeka goizean ebatziko dau irabazlea. 750 euro emongo ditue saritan.

Epaimahaikideek kalidadea hartuko dabe kontuan, jakina, baina ez hori bakarrik. Edozein hizkuntzatan egin leitekez filmak, baina euskerazkoei lehentasuna emongo deutsie. Bardintasuna, LGTBIQ+ kolektiboa, kulturaniztasuna eta alkartasuna lantzen dituen lanei be arreta berezia jarriko deutsie.

Zornotza Aretoan egingo dabe, domeka eguerdian, Kine Rally galea, filmak proiektau eta sariak banatzeko ekitaldia. Kopauagaz amaituko da galea. Antolatzaileek zornotzar guztiei dei egin deutsie galara joan daitezan, ekitaldi edegia eta dobakoa izango dan ezkero.

Aurreko lau edizinoetan, danetara, 40 parte-hartzaile inguru ibili dira Kine Rallyan, batzuk zornotzarrak eta beste batzuk inguruko eskualdeetakoak. Naturea, musikea, hego haize zoroa... izan dira aurreko urteetako gaiak.

Informazinorako eta izena emoteko, idatzi hona: kinezinekluba@gmail.com

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu