'Utopia Planitia' websaila Bilbon grabauko dabe asteon

Bizkaie! 2019-12-10 12:48   Zinemea

George Reese ipar-amerikarra da proiektuaren burua, eta euskal sortzaileen laguntzinoa izango dau.

Zorrotzako urun fabrikea, 'Utopia Planitia' websailerako agertoki parebakoa | Ikusi handiago | Argazki originala

Websailen mundua gero eta indartsuago dago, interneterako beren-beregi egindako gero eta istorio gehiago produziduten diran ezkero. Bilbok ez dau atzean geratu nahi sektore barri horretan, eta, Seriesland jaialdi arrakastatsua urtero antolatzeaz gan, websailak grabau nahi dituen egileen agertoki be bihurtu nahi dau.

Oraingo honetan, Ipar Amerikako produkzino batek hartu dau lur Bizkaiko uriburuan. Asteon, barikutik domekara, Zorrotza auzoan eta uri erdian egingo ditu grabazinoak 15 laguneko lantaldeak, Utopia Planitia websailaren kapitulu bitako eszenetarako. George Reese da sailaren sortzaile eta zuzendaria, Seeka TV enpresearen arduraduna. Interneteko websail independenteen plataformea da Seeka TV.

Reese argazki zuzendariagaz batera etorriko da Estadu Batuetatik Bilbora. Landaldeko ganerako partaide guztiak bertokoak dira, A Film To Kill For produkzino-etxe bizkaitarra proiektuaren laguntzaileetako bat dalako. Hortaz, Bilbon grabauko diran kapituluetako talde teknikoa ia osorik izango da Euskal Herri ingurukoa.

Grabazinorako aukeratutako lekua benetan esanguratsua da, euskal industriaren sinboloetako bat dalako, Eusko Jaurlaritzeak ondare legez sailkatua: Zorrotza auzoko urun fabrikea (Molinos Vascos enpresearena izan zana). Horrezaz gan, Bilbo erdian, Areilza Doktorearen kaleko kapsula-hotelean grabauko ditue eszena batzuk, baita Ollerieta kaleko estudio batzuetan be. Atal biotako aatorrizko alkarrizketak euskeraz eta ingelesez izango dira.

Utopia Planitia etorkizun distopiko baten kokatutako fantasiazko websaila da. Aldaketa klimatiko ikaragarri baten erruz, Lurreko biztanleak Martera joan dira bizi izaten, baina han be izango ditue gorabeherak. Dagoeneko bost kapitulu estreinau ditue, eta hurrengo biak dira Bilbon grabau beharrekoak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu