Epea zabalik 13. Huhezineman izena emoteko

Bizkaie! 2019-12-10 10:41   Zinemea

Sail ofiziala, ikasleena eta Kutixi atala dagoz.

Huhezinema euskal film laburren lehiaketearen 13. edizinoa martxan dagoala esan leiteke. 2020ko martiaren 25etik 27ra egingo dabe jaialdia bera, Aretxabaletan, baina dagoeneko zabalik dago film laburrak bialtzeko epea. Hortaz, sortzaileek euren lanak bialdu leikiez jagoken sailera: Ofiziala, MUko ikasleena, Kutixi... Horror story da edizino honetako leloa.

Euskal Herrian jaio diran edo berton bizi diran sortzaileek hartu leikie parte Huhezineman, eta genero guztietako filmak onartuko ditue antolatzaileek: Fikzinoa, dokumentala, animazinoa, lan esperimentalak eta abar. Hori bai, film laburren jaialdia danez, 25 minutukoak izango dira gehienez.

Zezeilaren 2ra arteko epea dago film laburrak bialtzeko. Horren ostean, batzorde batek aukeratuko ditu Sail Ofizialean parte hartuko dabenak, eta, beraz, sarietarako hautagai izango diranak. Besteak beste, euskerazko film onenari Goiena Saria emongo deutsie, mila eurokoa. Vertigo Saria 400 eurokoa da eta Mundukide, 700ekoa. Azken hori, giza eskubideen eta gizarte justiziaren gaiak ondoen jorratzen dituan filmari emongo deutsie.

Mondragun Unibersidadeko ikasleentzako sailean, ostera, gehienez 20 minutuko filmak onartuko ditue, kasu horretan be genero guztietakoak. Sari ugari egongo dira: Fikzino onena, dokumental onena, ikusleen saria eta argazkirik onena. Sail honetako lanak be Mundukide Sarirako hautagai dira. Baita Kutixi Sailekoak be, horreek gastronomiagaz lotutako film laburrak dira. 

Oinarriak hemen.

Bestetik, Huhezinemako antolatzaileek gogoratu eragin dabe 13. edizinoko kartela aukeratzeko lehiaketea zabalik dagoala. Artista gazteei aukerea eskaintzeko eta jaialdiari oihartzuna emoteko helburuz antolatu dabe. Proposamenak aurkezteko epea abenduaren 29an zarratuko dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu