Alex Txikon: 'Antartika lako paraje ederragorik ez da munduan'

Koldo Isusi Zuazo 2019-12-20 08:15   Kirola

Alpinista lemoarra.

Antartikan Drake Pasabidea itsasontziz igaro, eskiakaz ibilbideak egin, sekula inor ibili ez dan lekuetan ibili eta bide barriak zabaltzen eta natureagaz gozetan ibili ostean, urtarrilaren 7an etxera buetau eta pare bat egun deskantsetan egon ostean, Ama Dablam eta Everest neguan igotea ditu helburu Alex Txikonek.

Energiaren Euskal Erakundea izango da Alex Txikonen espedizinoen energia barriztagarrien babeslea. EEEk laguntzinoa eskainiko dau hogei eguzki-plaka jarriz Himalaiarako sarbidean bizi diran hainbat familiaren eskura. Eguzki-plakak instalauko ditue, bai espedizinoaren lehen zatian (Antartika), bai Everest (8.848 m) mendiko kanpamentu nagusietan be.

Himalaiara joan baino lehen, Antartikako peninsulan ibilbide barriak esploretako espedizinoan parte hartzen dago eta 2020ko urtarrilean Nepalera joango da, han Ama Dablam (6.812 m) eta Everesteko tontorrak zapaltzeko amesagaz.

Kontuak kontu, dagoeneko Stanley portuan dagoz Txikon eta lagunak, Malvina Ugarteetan. Itsasontzia atondu eta laster hasiko da benetako abenturea. 

Aurten K2 saiatu ondoren, Alex Txikon Everesteko tontorrera heltzeko amesagaz doa aurten, 2017 eta 2018an saiakerak egin zituan baina Alexen eretxiz neguko Everest eta K2ko expedizinoetan asko ikasi dogu eta hirugarren saikerarako baikor gagoz.


1.- Azken ordukoa da beste espedizinokide bat batu jatzuela. Nor da?


Hego Pazifikotik albiste onak bai; Ramón Portilla, madrildarrra, Al filo de lo Imposible programa ospetsuko aintzindaria, Ama Dablamera geugaz dator. Oso pozik nago, persona ona dalako eta asko erakutsiko deuskulako mendiari eta biziteari buruz. Ez nekian, baina, aurreko espedizino batean tontorretik 100 metrora geratu zan. Espedizinoari buruz galdetu eta deitu eustanean, zas! argi ikusi eta goazen, Ramon, etorri! esan neutson. Orain badakit pausu guztietan gozauko dogula alkarregaz. 

Zazpi kontinentetako tontor altuenetera igoten lehengo espainiarra izan zan. Lau zortzimilako igon ditu, beste hirutan saiatu da, baina batez be, munduko mendirik ederrenen bildumea egitea izan da bere helburu.


2.- Hegazkinean makinatxu bat ordu egin ostean, zelako harrerea izan dozue?

Upealakoa. Maripaul, orain 25 urte dituan pilotoak, ugarte artean hegazkin txiki bategaz joan-etorriak eginez lan egiten dau eta ezagutu nebanean 12 urte edo izango zituan; orain, barriz, malkoei eutsi ezinik ibili naz; neska txiki bat zan azken aldiz ikusi nebanean eta gaur zurtz eginda geratu naz. Ez dago momentu ahaztezinak konpartidu zenduzan personakaz barriro alkartzearen parekorik.

Ganerakoan,  Santiago de Txilerako hegazkina hartu, Rio Gallegosera eta gero Punta Arenasera eta Mount Pleasanten (Malvinas Ugarteetan) gagoz dagoeneko, handik Drake Pasabidea zeharkatzeko zain.

Pinguino partidea be ikusi dogu Falkland Islands-eko paraje bakartiotan, harrigarria da gizakion bildurrik ez izatea. Bular beilegikoak, papuak eta Magallanesekoak dagoz nahastean, sano ikusgarria da eta ehunka dira inguruan daukaguzanak.


3.- Non zagozie orain?

1000 km egin ondoren Melchior artxipelagora heldu gara paisaje zoragarria erakusten deuskun eguraldi zoragarriagaz. Zazpi egun honeetako nabegazinoa beste batzuk baino gogorragoa izan da: haize boladak 50 korapilokoak eta ur lohi ilunagaz. Ypake II bere Ezekiel kapitainaren eta bere lehen ofiziala Santiren eskutik heldu da espedizino egun batzuk biziteko Antartikako lurretan.

Aurreko egunetan, hegoalderuntz itsasoratu ginan martitzenean, 60 oin luze eta 4 metroko zabalerea dauen belaontzian. Ahal dan neurrian belaz nabegetan goaz Ezequiel Sundblad eta bere seamearen gidaritzapean. Ozeano iluna hotz dago lau gradu inguruan eta sarritan izurde eta albatroak bidelagun, 6 bat korapiloko batezbesteko abiaduran egiten dogu aurrera.

Lehenego egunak nahiko bareak izan arren hiru eta lau metro bitarteko olatuak hasi ziranean agertu dira lehenengo zorabioak. Hornos Lurmuturra zeharkatzen, Drake-n pasabidean sartu gara, hau da ozeano Barearen eta Atlantikoaren arteko hegoaldeko pasabidean. Mundu osoko marinelek ondo ezagutzen daben itsasoa bere indarrragaitik. Hegoaldeko Shetland ugarteak eta kontinentea banatzen dauen itsasoko eremuan sartu gara, Hoces Itsasoa deitutako pasabide honek Francisco de Hoces itsagizonaren izena hartu dau, Sir Francis Drake berak baino hirurogei urte lehenago topau ebalako. 

 

4.- Nondik nora sortu jatzu Antartikara joateko gogoa?

2006an egon nintzan bertan eta maiteminduta bueltau nintzan, Antartika lako paraje ederragorik ez da munduan, basatia da baina ederra, fauna aldetik pizti pilo bat dago, naturaz gozetea da helburua. Eguenean, 12an hartuko dogu hegazkina eta ezustekorik ezean, urtarrilaren 7an hona heldu eta 9an Nepalerako hegazkinean sartuko gara. Ama Dablam munduko mendirik ederrenetakoan saiakeratxua egitea da asmoa eta gero Everest aldera joko dogu, ia zer egiteko kapaz garen ze han be ibiliak gara birritan, ia orain amesa betetn dogun. Antartikan, barriz, hamar bat lagun izango gara eta hango magiaz gozetea da asmoa, eskiak daroaguz eta bide barriak deskubridutea eta ahal dala tontortxuren bat zapaltzea be ez dogu baztertzen.

Beste alde batetik, Euskal Herritik Nepalera bidea, 13.000 km eta 12 herrialde, lur orotarikoan egiten dagoz orain Félix, Íñigo, Paki eta Iker eta asmoa da espedizinorako materiala eroan eta bidean giza laguntzinoa eskaintzea; han batuko batuko gara danok. Etxetik urten aurretik ez neban galdu gura aukerea Suku eta etxekoak agurtuteko, bide batez ospatu dogu merezidutako saria Bulgariako Bansko Nazinoarteko Mendiko Zinema Festibalean irabazitako saria, Pumori mendiaren alabak dokumentalagaitik. Zorionak Iban Gonzalez eta gainerakoak; aprobetxau dogu Sukun nebeari Nepalerarte petatetxu bat eroateko. Aupa Aizarna!!! Ta aupa Suku!!!

5.- Antartikan zeintzuk izango dira helburuak?

Juanra Madariaga eta biok mendiko eskiak erabiliko doguz trabesietarako eta mendi tontortxuen inguruetara hurreratzeko, eskaladaren bat edo beste be ez dogu baztertzen. Asmoa da Decepcion Ugarteko kanaletatik ibili eta ahal dala igoeren bat egitea.

Mendiko jarduerak, bide barriak zabaldu, esplorazinoa eta holakoak aurreikusi doguz. Itsasoko bideari be bildurra daukotsagu ze Drake Pasabidea oso gogorra da eta Itsas Barea, Atlantikoa eta Shetland Ugarteetan Antartikoa batzen dira puntu horretan eta haize boladak eta itsasoa hasarre badagoz, kontuz. Eskaladeari jagokonez be baldintzak ez dira onenak izango, higadura handia dago han eta orain joan edo bihar hatxak sano aldatuta topau zeinkez.


6.- Ama Dablam eta Everest izango dira urtarrilerako helburuak. K2 ahaztu dozu?

Sekula ez dot ahaztuko. Birritan ekinaldiak egin ostean, hirugarren bat be etorriko da seguru. Baina han ez dago bromarik. Aurreko saioetan, Nanga Parbateko erreskate lanak eta errusiarrakaz izandako gorabeherak tarteko, giroa baretzea da onena. Mendia konsumidutea ez jaku interesetan, milaka mendi dagoz sano ederrak eta horreetan ez da espedizino komertzialik eta izaten. Horretan ibiliko gara gustora. Aurten mendizale gogorrak, eskarmentu handikoak doaz K2ra, Denis Urubko eta Adam Bielecki esaterako; suberterik onena opa deutsegu.

Ganerakoan, Everest, munduko altuena eta neguan, oxigeno barik... Ez da erronka makala, alemaniar gazte bategaz bat eginda ia goraino heltzerik dogun baina geureari begituta ez besteek egiten dabenari erreparau barik.

Kirol jarduereari jagokonez, Ama Dablanerako saiakeran izango gara Ramón Portilla, Oscar Cardo, Jonatan García (honeek Txikonegaz batera Everesten saiakerea egingo dabe) Sergio Pérez, Francisco Miguel Fernández, Alejandro Albacete, David Javega, Jesús Morales, José Manuel Zapata, Francisco Hurtado, Pasang Sherpa eta Chhepal Sherpa azken bi horreek nepaldarrak.

Bien bitartean, kotxez Nepalerantz doaz Félix Criado eta Íñigo Gutiérrez eta horreek be saiatuko dira tontorra zapaltzen. Azken orduan jakin dogu Iker Mediavilla eta Paqui Visedoren laguntzinoagaz doazen eskalatzaileak Bulgaria eta Turkia arteko mugan doazela. Ezustekorik ezean, gaur helduko dira Turkiara.  


7.- Antartikatik bueltan, etxean pare bat egun egin ostean, urtarrilaren 9an hartuko dozue hegazkina Nepalen abentureari ekiteko. Zeintzuk dira asmoak?

Nepalen Felix Criado eta Íñigo Gutierrazegaz batuko gara; horreek gu Antartikan gagozan bitartean, Espainiatik Kathmanduraino joango dira autoz tarteka marteka, herri batzuetan giza laguntzinoa eskaintzeko. Alkarregaz Lukla herritik Ama Dablameko Kanpamenturaino joango gara, lurreko mendirik ederrenetakoa eta neguan erronka handia. Tarte horretan, AMIAB alkarteko mendizale ezinduen talde bategaz joango gara. Hamaika persona edo izango gara Ama Dablameko igoeran, eta horrek berezko balioa izateaz gan, prestaketa fisiko eta mental eta aklimatazino legez balioko deusku Everest mendiaren igoeran. Oinarri kanpamentua Ama Dablam mendiaren parean dago, Khumbu haraneko hasieran, taldearen logistika eta mobimentua azkartuko dauena. Everesterako, Oscar Cardogaz eta Jonatan Garciagaz bat egingo dot baita Chhiji Nurbu Sherpa, Pechhumbe Sherpa eta Tenjen Sherpa nepaldarrakaz be.

Mendian gora egiteaz gan, espedizinoak azterketa topografikoak eta meteorologikoak egingo ditu dronak erabiliz. Gainera, argazkigintza analogikoan espezializautako Diego Martinez argazkilariak dokumentauko dau Euskal Herrian egingo diran erakusketetarako eta liburu bat egiteko.


8.- Neguan Himalaiako tontorrak zapaltzea ez da bromea...

Oso gitxi dira egun neguan K2 lako tontorrera heltzeko gaitasuna dabenak. Holako espedizinoetan diruak agintzen dauen arren, norberak ez badau alde fisikoa eta mentala jagoten, akabo.


9.- Energiaren Euskal Erakundea da zure espedizinoetako energia barriztagarrien babeslea. Zein da asmoa?

Bai eta oso eskertuta nago. Hogei eguzki-plaka jarriko ditue Himalaiarako sarbidean bizi diran hainbat familiaren eskura. Eguzki-plakak instalauko dira, bai espedizinoaren lehen zatian (Antartika), bai Everesteko kanpamentu nagusietan. Ahal dan neurrian baina gure halburua beti da alkartasuna eta laguntzinoa eskaintzea.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu