Euskal zinemea Latinoamerikako merkatuan zabalduko da

Bizkaie! 2019-12-04 09:05   Zinemea

39 herrialdetako 3400 partaide batzen ditu urtero Ventana Sur Jaialdiak.

Euskal zinemearen ordezkariak Buenos Aireseko (Argentina) Ventana Sur merkatuan parte hartzen dagoz, abenduaren 2tik 6ra. Latinoamerikako ikusentzunezko edukien merkatu handiena da hori, nazinoarteko banatzaile eta erosleentzako derrigorrezko hitzordua. Basque Audiovisual plataformea lehen aldiz hurreratu da Argentinako topaketara, lau euskal enpresagaz batera.

Ventana Sur festibala Zinemearen eta Ikus-entzunezko Arteen Institutu Nazionalak (INCAA) eta Cannes zinema-jaialdiko Marché du Filmek antolatzen dabe, eta 39 herrialdetako 3400 partaide batzen ditu urtero hitzorduak; horreen artean dagoz bost kontinenteetatik jondako 500dik gora erosle eta saltzaile, nazinoarteko plataforma garrantzitsuenetako ordezkariak.

Basque Audiovisual atal desbardinetan parte hartzen daben lau euskal proiektugaz bertaratu da Ventana Sur festibalera: Alde batetik, Blood Window Lab sailaren barruan egongo dira Amania Films produkzino etxearen pelikula bi: Imanol Ortiz Lópezek zuzendutako eta David P. Sañudok produzidutako Disforioa, eta Daniel M. Caneirok zuzendutako eta Kevin Iglesias Rodriguezek David P. Sañudogaz batera egindako Deviant, hain zuzen be.

Aldi berean, Europa eta Latinoamerikako koprodukzinoak bultzatzeko asmoagaz, Ventana Sur festibalak eta Donostia Zinemaldiak alkarlanean antolatutako Proyecta foroan aurkeztuko da Karmele. La hora de despertarnos juntos filma, Txintxua Films-eko Asier Altunak zuzendutako eta Marian Fernandezek produzidutako lana.

Era berean, Oskar Tejedorrek zuzendutako eta Sonora Estudios-ek egindako Asunto inconcluso filmak Espainia-Txile-Argentina koprodukzino topaketan hartuko dau parte. Espainiako eta Argentinako INCAA institutuek eta Cinemachile agentziak antolatutako ekimena da hori.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu