'La trinchera infinita' filmak 15 izendapen lortu ditu Goya sarietarako
2019-12-03 08:30 ZinemeaOhorezko Goya Saria Pepa Floresi (Marisol) emongo deutsie.
Elena Anaya eta Miguel Herran aktoreek 34. Goya Sarien 28 kategorietako finalisten zerrendea aurkeztu dabe bart Zinema Akademiaren egoitzan. Danetara, 146 film lehiatuko dira, fikzinoak 88, dokumentalak 55 eta animazinoak 3.
Jose Mari Goenaga, Jon Garaño eta Aitor Arregi euskaldunen La trinchera infinita filmak 15 izendapen lortu ditu urtarrilaren 25ean Malagan egingo dan Goya sarien 34. edizinoan, besteak beste, pelikula onenarena. Dramea Andaluzian filmau dabe, gaztelaniaz, Antonio de la Torre eta Belen Cuesta aktore ezagunakaz.
Dolor y gloria, Intemperie, La trinchera infinita, Lo que arde eta Mientras dure la guerra lehiatuko dira Film Onenaren Saria irabazteko.
Alejandro Amenabarren Mientras dure la guerra (17 izendapen) eta Pedro Almodovarren Dolor y gloria (16 izendapen) dira izendapen gehien dituenak.
Karra Elejalde aktore onenaren saria jasoteko izentau dabe. Lehia horretan izango dira, Antonio de Torre (La trinchera infinita), Antonio Banderas (Dolor y gloria) eta Luis Tosar (Quien a hierro mata).
Antzeztaldeko aktoreari jagokonez, Asier Etxeandia eta Leonardo Sbaraglia lehiatuko dira Dolor y gloria filman egindako lanagaitik, baita Luis Callejogaz (Intemperie) eta Eduard Fernandezegaz (Mientras dure la guerra) be.
Aritz Morenok eta Galder Gaztelu-Urrutiak, barriz, zuzendaritza barri onenaren sarirako izentau ditue, Ventajas de viajar en tren eta El hoyo filmakaitik, hurranez hurran.
Beste alde batetik, film luze dokumentalaren kategorian, Gaizka Urresti bilbotarraren Aute Retrato filmak izendapen bikotxa jaso dau Goya Saria zein Forqué Saria irabazteko. Danetara, 14 film labur egin ditu eta fikzinoko Goya Saria be irabazi eban 2014. urtean Abtenerse agencias (2014) filmagaitik. Hiru film luze zuzendu eta produkzino lanak be egin ditu.
34. Goya Sariak urtarrilaren 25ean emongo ditue Malagako Jose Maria Martin Carpena Kirol Jauregian; Andreu Buenafuentek eta Silvia Abrilek aurkeztuko dabe.
Kontuak kontu, sari seguru bakarra Ohorezko Goya saria da, Pepa Floresi (Marisol) emongo deutsiena.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!