Bilbok 'V. Zine Kontari' euskeraz egindako zinemaldia hartuko dau

Bizkaie! 2019-12-02 09:31   Zinemea

Campos Eliseos Antzokiaren Kupula Aretoan izango da, abenduaren 9tik 13ra.

Lehen aldiz, Zine Kontari 6 eta 12 urte bitarteko umeentzako goizeko saio bategaz hasiko da, abenduaren 9an, astelehenean: Nur eta herensugearen tenplua, Juan Bautista Berasategirena, goizeko 10:00etan. Abenduaren 10etik aurrera, proiekzinoak 19:00etan hasiko dira film luzeetan, eta film labur bat izango dabe aurretik, abenduaren 13ra arte.

Ia dana prest dago euskeraz idatzitako eta egindako zinema zikloaren bosgarren edizinoari hasierea emoteko. Euskal Herriko Gidoigile Profesionalen Alkarteak bere gan hartu dau egitamu hau defendiduteko ardurea, SGAE Fundazinoaren lankidetzeagaz. Haren helburua da euskal egiletzea dauen zinema minoritario bat zabaltzea, ia kasu guztietan areto komertzialetan ez dagozan tituluak berreskuratzen dituana, euskeera tresna eta bitarteko nagusi hartuta. Euskerea maite daben guztientzat, oro har, eta ikasten dabizenentzako ekimen aproposa da, proiekzinoakaz batera gaztelaniazko azpitituluak jarriko baitira (estreineko proiekzinoan izan ezik).

Bederatzi emonaldiak Bilboko Campos Eliseos antzokiko Kupula Aretoan proiektauko dira (Bertendona kalea 3 bis, 6. pisua), gunea bete arteko sarrera libreagaz. Eneko Olasagastik zuzendutako aitatu filmagaz ekingo jako zinemaldiari, hau da, Toti Martínez de Lecearen eleberri ospetsuan oinarri dauen Nur eta heresungearen tenplua filmagaz, ikuslego eskolarrarentzat.

Lehen mailako bestelako errealizadoreak tartekatuko dira, hurrengo egunetan, arratsaldez: Alfonso Ungria (Ehun metro pelikulearen errealizadorea, Ramon Saizarbitoriaren eleberrian oinarritutakoa eta Ungria beraren gidoiagaz, hilaren 10ean); Pablo Malo (Lasa eta Zabalaren arduraduna, Joanes Urkixoren gidoiagaz, hilaren 11n); Ben Sharrock (Pikadero film luzearen zuzendari eta gidoigilea, abenduaren 12an); eta Paul Urkijo (Errementari filmaren zuzendari eta gidoigilea, Asier Guerricaechebarríagaz, azken hau, oraintsu Julio Alejandro SGAE Gidoi Sariaren irabazlea, Javier Echánizegaz batera).

Lau film luze horreek Maru Soloresen Dortoka Uhartea, Koldo Edorta Carranzaren Kaleko Antzerkia, Arantza Ibarra Basañezen June eta David Zabala eta Paul Urkijoren Ohe azpiko zera film laburrak izango ditue aldez aurretik, hurranez hurran.

Aurten, SGAE Fundazinoaren beraren eta Eusko Jaurlaritzearen laguntzinoa dauka Zine Kontari zinemaldiak.


Euskal Herriko Gidoigile Profesionalen Akartea

Bazkideei lan eta lege-aholkularitzea eskaintzeaz gan, Euskal Herriko Gidoigile Profesionalen Alkarteak 2019an sektoreko jarduereagaz lotutako hainbat prestakuntza-proiektu eta programa zehaztu ditu helburu legez, tartean, Zine Kontari bera, Donostiako Zinemaldiko Gidoirik Onenari Saria, edo, Bilbon, zemendiaren 12tik 16ra antolatutako Estaduko Gidoigileen VI. Topagunean ezinbesteko laguntzinoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu