42. Euskal Zine Bilereak baditu irabazleak

Bizkaie! 2019-12-02 07:50   Zinemea

Film onenaren saria Izibeñe Oñederraren Lursaguak izan da.

Argazkiak: Euskal Zine Bilera | Ikusi handiago | Argazki originala

Beste urte batez, euskerazko zinemearen erdigune bihurtu da Lekeitio, Euskal Zine Bileraren 42. edizinoari esker. Sortzaile gazte eta ez horren gazteek eginiko film barriak ez eze, antxinako irudiak ikusteko eta topaketetan parte hartzeko aukerea izan dabe lekeitiarrek zein bisitariek. Sail ofizialeko epaimahaian Kepa Errasti, Lara Izagirre eta Igor Rezola egon dira, eta hainbat sari banatu ditue.

Lehenik eta behin, film onenaren saria Izibeñe Oñederrari emon deutsie. Lursaguak animazinozko filmak milaka urteko kulturearen oinarri kontzeptuala apurtzen dabilen garaian bizi garela erakusten dau. Urrezko Antzarra eta 1.900 euro emon deutsiez Oñederrari.

Zuzendaritza onenaren Zidarrezko Antzarra, bestetik, Mikele Landarentzat izan da, Heldu filmean egindako lanagaitik. Arrauneko soinuek eragindako pentsamenduak dira pelikulearen abiapuntua. Gidoi onenaren Zidarrezko Antzarra Josu Martinezen Anti filmak eskuratu dau, euskeraz berba egitea debekatuta dagoan herriaren istorioa konteteagaitik.

Publikoaren saria, ikus-entzuleek aukeratua, herrian bertan geratu da. Azkue Ikastolako ikasleek Ouija izeneko filma aurkeztu dabe Zine Bileran, eta publikoak haien alde egin dau. Hortaz, 750 euro eta Zidarrezko Antzarra emon deutsiez.

Ganera, urte birik behingo Benito Ansola Bekea emon dau Euskaltzaleen Topaguneak Zine Bileran. Sortzaile gazteei euskerazko ikus-entzunezkoak egin deiezen sortu eben ekimena, eta dagoeneko bosgarren edizinoa da hau. Oier Fuentesen proiektuak irabazi dau bekea, eta 2020ko Zine Bileran aurkeztu beharko dau.

Irabazleak ez eze, antolatzaileek parte-hartzaile guztiak be zoriondu nahi izan ditue Zine Bilerearen amaieran, egon dan kalidade handiagaitik. Eta ez hori bakarrik, egunez egun zinemara joan diran ikusleei be eskerrik beroenak emon deutsiez, aurtengoa ikusle gehien izan dituan edizinoetako bat izan dalako. Dagoeneko, datorren urtekoan pentsetan hasi dirala ziurtatu dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu