Abenduaren 4an hasiko da VIHsible Zinema Zikloa
2019-11-29 11:32 ZinemeaZikloa abenduaren 4an eta 5ean izango da, doban, Bilborock aretoan.
GIB birusaren estigmatizazinoaren kontra, sormen artistikoaren erabilgarritasuna aldarrikatuko dau Zinegoak alkarteak, III. VIHsible Zinema Zikloan, abenduaren 4an eta 5ean, doban, Bilboko Bilborock Aretoan.
Kontuak kontu, film bi ikusteko aukerea egongo da: alde batetik, Lemebel dokumentala, azken Berlinalen Teddy Saria irabazi ebana eta Pedro Lemebel artista txiletarraren bizitza kontetan dauena; eta bestetik, 1985, Zinegoak jaialdiaren azken edizinoan gidoi onenaren saria irabazi eban fikzino hunkigarri eta samurra.
Beste urte batez, Abenduaren 1aren harira (GIB birusaren kontrako nazinoarteko eguna), Zinegoak-ek kalidadeko zinema-zikloa antolatuko dau. Zuzendari Pau Guillenek azpimarratu dauenez, zinemeak eta arteak errealidadea zelan jasoten dogun eraldatzeko gaitasuna dabe eta arlo horretan geuk be ekarpena egin nahi izan dogu. Hori dala eta, beharrezkotzat jo dau gai honen inguruan ziklo bat antolatzea: GIBari ikusgarritasuna emon behar deutsagu, gure jendartean oraindino estigma handia sortzen dauelako. Horregatik, gai hau modu ausartan landu daben artistak batu nahi izan ditugu aurtengo zikloan.
Ekimeneko pelikula biek hainbat sari eta aitamen jaso ditue nazinoarteko jaialdietan.
Lemebel dokumentala Johana Reposi txiletarrak zuzendu dau eta bertan Pedro Lemebel artistearen bizitzea kontetan dau. Lemebel Hegoamerikako LGTBI erreferente handienetako bat izan da, bertako kontrakulturearen ikono bat izan zalako. Gainera, 1987. urtean Pedro Lemebelek eta Francisco Casasek Las yeguas del apocalipsis taldea sortu eben, Pinocheten diktadurapean.
Talde horregaz, Txileko herri askotan hainbat ekimen artistiko-politiko egin zituen. Lemebel, beraz, ekintzaile soziala eta diktadurearen kontrako eta eskubide sozialen aldeko burrukalaria izan zan. Horrek eragin zuzena izan eban haren sorkuntzetan: ezkerreko eretxien eta desirearen arteko lanak ziran; diktadurearen kontrako salaketea eginez eta GIBaren krisiari aurre eginez.
Dokumental honek Teddy Saria jaso eban azken Berlinalean, eta gainera Txileko zinema komertzialetan ikustaldi gehien duen dokumentala bihurtu da.
1985 filma Yan Ten zuzendariaren lehenengo lana da, eta Amerikako Estadu Batuetako barrualdean girotuta dago. GIB birusak bere garaian sortutako arrakalak ditu ardatz. Pelikulea titulu bera dauen film laburrean oinarrituta dago, eta estigmek eta bildurrek sortzen dituen zaurien inguruko hausnarketa zuzena eta hunkigarria eskaintzen dau. Zuzendariak erabilitako kontetako modua erraza, zuhurra eta fina da. Tenek pelikulan islatu dauen legez, sekretu bat ezkutatu behar danean, familia barruko hartu-emonek okerrera egin leikie.
Zorionez, pelikuleak bestelako hausnarketak be bultzatzen ditu, eta argi geratuko danez, azkenean itxaropenak eta maitasunak beti lortzen dabe euren bidea egitea. Pelikula horrek dozena erdi sari baino gehiago irabazi ditu nazinoartean, eta Zinegoak jaialdiko azken edizinoan gidoi onenaren saria irabazi eban.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!