Zinexit gaur amaituko da Hitchcocken 'Falso culpable' klasikoaren proiekzinoagaz

Bizkaie! 2019-11-29 08:52   Zinemea

Film horrek zarratuko dau Zinexit Bilbon, zemendiaren 29an, barikuan, arratsaldeko 19:30ean.

Giza eskubideei buruzko zinemearen historiako izenburu handiei eskaintzen jaken Zinexit Classic atalari jagokonez, aurten Falso Culpable izan da aukeratutako izenburua, lapurreta bat dala eta modu okerrean akusautako gizon bati buruz Alfred Hitchcockek egindako lan ahaztezina, ohiko thrillerretatik urrun dagoan drama errealistea eta Henry Fondagaz egin eban lan bakarra. Film horrek zarratuko dau zikloa Bilbon, zemendiaren 29an, barikuan, arratsaldeko 19:30ean.

Hitchcockek Warner-entzat zuzendu eban azken filma da, eta bere alkarlan bakarra Henry Fondagaz (hurrengo urtean aktoreak Oscar Saria irabazi eban, Twelve Andry Men lanagaitik). Beharbada zinemagile britainiarraren film ilunena da, izan be, ez dau umorerik eta akats judizial baten benetako istorioan oinarrituta dago. Bertan, gizon bat posta-bulegoan ostuteagaitik salatu eben beharginek, erratuta; gizon zintzoa, zoriontsua eta ezkondua zan, baina zenbait estutasun ekonomiko bizi zituan.

Drama errealistea, erdi dokumentala eta, itxuraz, ez oso hitchcockiarra, suspensearen teknikatik urruntzen baita. Robert Bressonek eta Jean Luc Godardek beti miretsi izan dabe eta, urteak igaro ahala, zinemagile ingelesaren obra handietako bat dala esaten da (Martin Scorsesek gehien atsegin dauen lanetako bat dala dino).

Moral-ikasbidea baino gehiago da; The Wrong Man-en minutu bakotxa eszenaratzearen ikasbide bat da. (...) Horregaitik miresten dogu Balestrero (Fonda) auzitegietara daroan kamioi zelularra eskegitako zubi batetik igaro dan uneko planoa, Robert Burksek argazki bidez hain ondo atera dauena: silueta txikia, baltza, burdinezko habe erraldoien azpian dardartia, eta fantasmen herrialdera heltzen dan Nosferaturen orgea gogora dakarrena (Jean Luc Godard).


Falso Culpable





- Jatorrizko izenburua: The wrong man.

- Zuzendaria: Alfred Hitchcock.

- Gidoia: Maxwell Anderson, Angus MacPhail.

- Muntaia: George Tomasini.

- Argazkiak: Robert Burks.

- Musikea: Bernard Herrmann.

- Interpreteak: Henry Fonda, Vera Miles, Anthony Quayle, Harold J. Stone, Charles Cooper, John Heldabrand, Esther Minciotti, Doreen Lang, Laurinda Barrett, Norma Connolly, Nehemiah Persoff, Kippy Campbell, Robert Essen, Richard Robbins, Dayton Lummis, Peggy Webber.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu