Josu Martinezi emon deutsie XIV. Juan San Martin Bekea
2019-11-28 08:03 ZinemeaEuskerazko zinemagintzearen historia aztertuko dau.
Eibarko Udalak eta UEUk lankidetzan emoten daben Juan San Martin Bekearen 14. edizinoak badauka irabazlea. Josu Martinez zinemagile eta ikerlari bilbotarrari emon deutsie, euskerazko zinemagintzearen historia aztertu deian. Irudiz eta euskeraz, gure hizkuntzearen zinemea, gure zinemearen hizkuntzea izenburuko ikerlana izango da.
Deialdira hamaika proiektu aurkeztu badira be, epaimahaiak aho batez egin dau Martinezen proposamenaren alde. Historia arloko ikerketetak bultzatzeko asmoa euki dabe antolatzaileek aurtengo deialdian, eta bilbotarraren lana bete-betean sartzen da gai horretan. Orain arte, euskerazko zinemearen historia aztertu barik egon da, eta hutsune hori beteko dau bekeari esker egindako lanak.
Martinezek proiektua aurkeztean azaldu dauenez, filmak eta autoreak euren garaiagaz alkarrizketan jarriz, zazpigarren arteak euskereagaz izandako harremana aztertuko dau, eta horretarako, hamarkadaz hamarkadako ibilbide bat marraztuz, irudiz eta euskeraz sortutako lanen historiaren kartografia egingo dau. UEUko ordezkari Bakarne Altonagaren esanetan, azpimarratzekoa da lan honek dauen interes akademikoa eta gizarte mailakoa, kontuan izanik euskerazko zinemearen historiari buruzko azterketarik ez dala egin.
Eibarko Udalak 2001etik emoten dau Juan San Martin Bekea, 9.000 eurokoa. Helburu nagusia euskerazko ikerketea sustatzea da, baina batez be, Juan San Martin ikerlari eibartarrak landu zituan gaien ganeko ikerketa lanak bultzatzea, haren omenez. Patxi Lejardi Udaleko zinegotziak eskerrak emon deutsaz UEUri, lehenengo edizinotik bekearen laguntzaile izan dalako.
Aurtengoa 14. deialdia izan da. Hutsik geratu diran edizino batzuk tarteko, gaur egun hamar lan irabazle dagoz amaituta, eta horreetako zazpi, argitaratuta. Eibarko Juan San Martin Udal Liburutegian kontsultau leitekez argitaratutako guztiak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!