‘Zutik’ pelikulea, zemendiaren 27an estreinauko dabe Andoainen

Bizkaie! 2019-11-26 08:38   Zinemea

Proiekzinoaren ondoren, zuzendariak eta protagonisteak (Mikel Arregi) barriketaldia egingo dabe. 

Ainara Mendiola eta Mikel Arregi | Ikusi handiago | Argazki originala



Ainara Mendiolak zuzendu eta Maluta Filmsek produzidutako Zutik filma zemendiaren 27an, 19:00etan, estreinauko dabe Andoaingo Bastero Kulturgunean (doban).

Zutik Rikardo Arregi kazetari, idazle, pentsalari eta kultur eragileari buruzko pelikula laburra da. 1965etik 1969ra arteko ibilbidea islatzen dau; artikulu eta saiakerak idazten, askotariko jenteagaz batzen eta hainbat proiektu sortzen buru-belarri ebilen sasoitik abiatuz, auto istripuz hil zanera artekoa.

Haren pentsamenduan eragina izan eben hainbat egoeraren bidez irudikatzen da ibilbide hori -mahai baten ingurukoak danak be-, baita egoera horreetan bizitako giroaren bidez be: logelako bakardadea, etxekoen berotasuna, askotariko gizarte eragileakaz izandako eztabaiden suhartasuna. Eta, azkenik, Usurbilen, euskereari, euskal kultureari, gizarteari eta politikeari buruzko ezusteko berbaldi batean, bera baino helduagoak eta entzutetsuagoak ziran agintari, eragile eta artisten aurrean (Gaur eta Ez Dok Amairu taldekoak), gauzak aldatu behar zirala aldarrikatzeko ausardia.

Rikardo hil zanetik 50 urtera, berbaldi horrek gaurkotasuna izaten jarraitzen dau eta Rikardoren itzala atzemoten da oraindino be.

Pelikulearen ondoren, zuzendariak eta protagonisteak (Mikel Arregi) barriketaldia egingo dabe. Jarraian kopaua eskainiko da. Joan gura izan ezkero, info@malutafilms.eus helbidera idatzi.

Pelikula honek Andoaingo eta Usurbilgo Udalen laguntzinoa jaso dau.


Ainara Mendiola (Errenteria, 1978)

Gizarte eta Komunikazino Zientzietan lizentziau zan, EHUn. Euskaldunon Egunkarian eta Berrian kazetari ibili ondoren, itzulpengintzan hasi zan lanean. Gaur egun, Maramara taldearen hizkuntza zerbitzuak enpresan dabil, ikus-entzunezkoen arloan espezializauta. Gidoigintzeari eta dokumentalgintzeari buruzko ikastaroak egin ditu, Donostiako Larrotxene kultur etxean.

Zutik haren bigarren filma da (lehenengoa Menchu Gal margolariaren inguruko dokumentala izan zan).


Mikel Arregi (Andoain, 1988)

Rikardo Arregiren lobea da dokumental honetako protagonistea. Bere lehenengo lana da.


Maluta Films

Produkzino-etxea Donostian sortu zan 2008an eta ordutik hainbat lan produzidu ditu: Albaitari laburra eta Menchu Gal dokumentala (2012), Tres60 (2013) film luzea, Odola Odol (2015) dokumentala, Bagoaz! websailaren denporaldi bi (2017, 2018).

Igaz, Oier Aranzabalen Margolaria pelikulea aurkeztu eban Donostiako Zinemaldian.

2019an, Haizearen egia fikzinoko film laburra eta Ainarak webdoka eta Apaiz kartzela dokumentala produzidu ditu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu