Jon Rahm-ek Dubain irabazi eta Merituko Ordena eskuratu dau

Bizkaie! 2019-11-25 07:55   Kirola

Jon Rahm, Basque Teameko enbajadore barrikarra munduko hirugarrena da.

Jon Rahm, Basque Teameko enbajadore bizkaitarrak irabazi dau DP World Tour Championship txapelketea. Tokioko Jokoak jomugatzat dituala, egutegian selektiboagoa izatea erabagi eta sei asteko geldialdi baten ostean, Barrikako golflaria maila gorenean berragertu da. Txapelketeari itxi eban puntuan ekin deutso barriro, izan be, Espainiako Edegian irabazi ostean Jon Rahmek Dubaiko Jumeirah Golf Estatesen be irabazi egin dau: Parez azpitik 19 kolpe lortu ditu. Tommy Fleetwoodek (270 kolpe) eta Mike Lorenzo-Verak (271) osotu dabe podiuma.

Rahmek Europako zirkuitua sei aldiz irabazi dau, ibilbidean 40 torneo baino jokatu ez dituan arren. Gainera, Rolex Series ekitaldietan laugarrenez irabazi dau, historian orain arte inork egin ez dauena.

Severiano Ballesterosek sei aldiz irabazi eban Europako zirkuituko Meritu Ordena, azkena 1991n. 28 urte geroago, Jon Rahm estadu mailan haren pausoak jarraitu dituan lehen golflaria da.

Astegoienean Dubain (Europako Zirkuituko eta Urteko Meritu Ordenako azken torneoa) birritan irabazi ostean, Rahmek bost miloe dolar jaso ditu: horreetako hiru dubaitar txapelketagaitik, inoiz ordaindu dan kopururik altuena astebeteko txapelketa batengaitik.

Orain hiru urte pasautxu hasi zen Jon bere historia idazten. Profesionalismora salto egin ebanetik, sei bider irabazi dau Europako zirkuituan. Irlandako Edegia irabazi eban 2017an eta 2019an, Dubaiko DP World Tour Championship-a bezela. Espainiako Edegia be birritan irabazi dau (2018 eta 2019).

Horrezaz gan, Jon Rahmek hiru bider irabazi dau PGA Tourrean, 2017ko Farmers Insurance Openean, 2018ko CareerBuilder Challengean eta orain gitxiko Zurich Classicen, 2018ko Hero World Challengetik harago.

Egunotako Dubaiko DP World Championship txapelketan irabazi eta bosgarren postutik hirugarrenera egin dau salto. Brooks Koepka estadubatuarraren eta Rory McIllroy ipar irlandarraren atzetik kokatu da Barrikakoa.

Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu