Jarduketa protokoloa sinatu dabe surfaren industria sustatzeko

Bizkaie! 2019-11-21 10:20   Kirola

Jarduketa protokoloa Getxo eta Sopelako udalek sinatu dabe.

Getxoko alkate Amaia Agirrek eta Sopelako alkate Josu Landaluzek jarduketa protokoloa sinatu dabe udalerri bietan surfaren eta beste irristaketa-kirol batzuen industriaren sektorearen garapena eta hazkundea sustatu eta bultzatzeko.

Getxok eta Sopelak Bizkaiko surfaren jarduera ekonomikoaren erdia, gitxi gorabehera, hartzen dabe; gainera, puntako nazinoarteko ekimenak, askotariko olatuak eta itsas hausiak dagoz, eta erreferentziako profesional bikainak eta surf-eskolak ditue. Azken urteotan, udalerri biak modu aktiboan dabiz lanean surfaren sektoreko erakundeakaz, surfaren enpresa-sarearen lehiakortasuna hobetzeko ekimen eta jarduerak diseinau eta martxan jarriz, baita horreen inguruko komunikazinoa landuz be.

Amaia Agirrek eta Josu Landaluzek esan dabenez, herri biak bat datoz aurrera eroaten dituen jarduketa eta programen helburu eta gaiakaz; horrezaz gan, sektorearen barruan balio handiko lurralde-eremu bat konpartiduten dabe.

Amaia Agirrek gogoratu dauenez, lankidetza hau Getxoko Udalaren Ekonomia Sustatzeko Eremu Estrategikoei buruzko Planaren barruan dago, kirolaren nahiz Ongizatearen Teknologiak eta Industriak indartzeko zein horreei lotutako Turismoa barritzeko; hau udalerrirako potentzial handiko proiektua da eta helburutzat ditu ekintzailetzea babestu, start-up barriak eratu, dagozan enpresei bultzadea emon eta beste enpresa batzuk lurraldera erakarri.

Jose Landaluzek esan dau kolaborazino hau Sopelan Ekintzailetza, Enplegua eta Ekonomiaren Sustapena jorratzeko Plan Estrategikoaren barruan dagoala. Sopela udalerriko enpresa sareari bultzadea emoteko plana da, eta surfaren sektorea da erreferente nagusietakoa, kontuan hartuta enpresa kopurua eta ekiteko nahiz espezializetako aukerak.

Sinatutako hitzarmenean jasoten danez, lanerako modu kolaboratibo horri esker, nabarmen indartzen dira erantzun bikaina lortzeko eta ezarritako helburuak lortzeko aukerak; gainera, bikain egiten dau bat beste erakunde publiko batzuek aurrera eroandako udalaz gaindiko politikakaz, besteak beste, Bizkaia Orekan proiektua edo Surfing Euskadi, euskal lurraldean.

Horretarako, surfaren sektorean parte hartzen daben eragile danakaz alkarlanean hamabost ekimen egitea zehaztu da; holan, eretxi guztiak jasoteaz gan, ekintzak abian jarteko orduan hareek guztiak inpliketea gura da. Ekimen horreen artean, honakoak nabarmentzen dira: enpresentzako prestakuntza-programa zehatza egitea, hondartzetako jarduerak antolatzea, Europan erreferentzia dan surf-helmuga baterako misino komertzial bat, udalerri bakotxeko ekitaldi nabarmenetan lankidetzea eta lantalde iraunkor bat eratzea, horreen eragina eta etorkizuneko erronkak ezagutzeko.


Getxo-Sopela, surferako jomugea

Surfaren sektoreak dinamizazino ekonomikorako, produktibidadea areagotzeko eta enplegu kualifikatua sortzeko dauen gaitasuna azpimarragarria da. Sektore hori gakotzat joten da udalerri bien etorkizunerako. 35 milo surflarik osotzen daben merkatu globala dau oinarri, eta urtean % 10etik gorako hazkunde erritmoa dauka, 8,3 biloe euroko negozio-bolumena eragiten dauena, Europa izanik bere merkatu nagusietakoa.

Udalerri horreetako 13 km-ko kostaldeak Bizkaiko surfaren industriako erdia hartzen dau. Gitxi gorabehera, jarduera ekonomiko gehienak sektore honi lotutako 50 enpresa-ekimenek, fabrikatzaileek, banatzaileek, saltokiek eta surfaren turismoko jardueren enpresek osotzen dabe; era berean, barrikuntzako enpresak, uretako segurtasunaren profesionalak eta artistak be batzen ditu.

Horrezaz gan, surferako jomuga hau nazinoartean be ezaguna da, maila guztietako surflariek gozetako erregistrautako 23 olatuen kalidadea dala-eta, baita bertako nazinoarteko ekitaldiakaitik be (Sopelako Surf Business Meeting eta Getxoko olatu handien nazinoarteko ekitaldia, esate baterako), eta bertako surflari ezagunakaitik be (Acero anaiak, Eunate Aguirre, David Perez, Leticia Canales, Garazi Sanchez...); horreek guztiek munduko tituluak irabazi ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu