BBK Mendi Film Bilbao Bizkaian 60 pelikulak hartuko dabe parte
2019-11-14 08:19 ZinemeaHasiera ekitaldian, abenduaren 6an, Ostatnia Góra filma proiektauko dabe.
Izena barrituta datorren BBK Mendi Film Bilbao Bizkaiaren 12. edizinoak egitarau potoloa dakar. Abenduaren 6tik 15era, mendiagaz, natureagaz, abentureagaz eta ingurumenagaz lotutako 60 film ikusi ahal izango dira, eta konbidadu ugari be Bilbora etorriko dira. BBK Salan, Azkuna Zentroko Golem Alhondiga aretoetan eta Euskalduna Jauregian egingo ditue proiekzinoak.
Antolatzaileek 29 herrialdetako 172 pelikula jaso ditue azken hileotan, eta horreen guztien artetik, 60 aukeratu ditue. Gehienek, 56k, Sail Ofizialean hartuko dabe parte, eta beste hiruk, Zabalandi atalean. Azkenik, egile amateurrentzako Mendi Short lehiaketako film irabazlea be proiektauko dabe jaialdiaren egitarauaren barruan.
Lehenengo eguneko hasiera ekitaldian Dariusz ZaĆuski poloniarrak zuzendutako Ostatnia Góra ikusi ahal izango da, 2018ko neguan Poloniatik K2ra joandako espedizinoaren gorabeherak kontetan dituan filma. Bide batez, Sail Ofiziala zabalduko dau pelikula horrek. Euskalduna Jauregian egingo dabe ekitaldia, eta sarrerak salgai dagoz. Ganerako saioetarako sarrerak datorren astetik erosi ahal izango dira.
Programazino osoa hemen.
Bestetik, WOP Saria Nives Meroi eta Romano Benet alpinistei emongo deutsie. Jokabide bikaina agertu dabe biek, kirolean zein arlo personalean. Hamalau zortzimilakoak alkarregaz igon zituen 1992tik 2017ra, eta bitartean eten luze bat be egin eben: Gaixotasun larria topau eutsien Romano Beneti, eta Nives Meroi bikotekideak hamalau zortzimilakoen igoerak alboratu zituan, harik eta gizona osatu zan arte.
Meroi eta Benet Bilbon izango dira abenduaren 14an, BBK Salan (19:30). Jaialdiko arduradunen, WOP Fundazinoaren, mendizaleen eta publikoaren omenaldi beroa jasoko dabe. Mendizaletasunaren giza balioen defensea eta transmisinoa saritzea da WOP Sarien helburua.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!