Hiru bide barri zabaldu ditue Pou anaiek Himalaian

Bizkaie! 2019-11-08 11:49   Kirola

Inork igon bako tontor bitara heldu dira eskalatzaile gasteiztarrak.

Pou anaiek Himalaiatik bialdutako argazkia | Ikusi handiago | Argazki originala

India iparraldean, Tibeteko mugatik hur dago Bapsa harana, Himalaia mendikateko gune ezezagunenetako bat. Hantxe dagoz Iker eta Eneko Pou anaiak, nazinoarteko lantalde bategaz batera, eskaladako bide barriak topau eta zabaltzen. Orain arteko jarduna arrakastatsua izan da, hiru bide zabaldu eta tontor ezezagun bi igon dituelako.

Jacopo Larcher tiroldarra, Siebe Vanhee belgikarra, Matty Hong estadubatuarra eta Matteo Mocellin eta Alex Faedda italiarra dagoz Pou anaien nazinoarteko talde horretan. Logistika kontuak dirala eta, hainbat talde txikitan banatuta dabiz lanean. Gasteiztarren kasuan, gauza asko ez ditue alde izan, baina, halandabe, helburuak beteten dabiz.

Espedizinoaren hasierako egunetan, eguraldi eskasak ez eutsen itxi behar dan moduan eskaletan. Hori gitxi balitz, Iker Pouk behatz bat apurtu eban, eta zalantzan egon zan Indiako espedizinoan segidu ala ez. Horreek trabak atzean itxita, lorpen aitagarriak kateatzen hasi ziran, bata bestearen atzetik.

Lehenik eta behin, The Latin Brother bidea zabaldu eben (7c+/560 m). Udabarrian istripuan hildako Hansjorg Auer lagunari eskaini deutsie Pou anaiek bide barria. Ganera, eskalada horren ondorioz, orain arte inork igon bako tontor batera heldu ziran. Midi d'Ossau izena emon deutsie 4.670 metroko gailurrari, Pirinioetako mendi ezagunaren gomutan.

Handik lasterrera heldu zan bigarren hormea, Miguelink izenekoa (6c/600 m). Miquel Rierari eskaini deutsie igoerea, Pou anaientzat maisua izan zalako. Azkenik, Beti Alavés izeneko hormea zabaldu eben (6b+/340 m). Kasu honetan be, inork igon bako tontor batera heldu ziran, eta Gorbea izena ipini. 4.560 metroko orratz ikusgarria da.

Pou anaiek Himalaiatik esan dabenez, estilo alpinoan eta non-stop zabaldu ditue hiru hormak. Lehenengotik azkenera hamar egun baino ez dira pasau. Kantsauta baina pozik amaitu dabe, ze Beti Alavés zabaltzeko hamar ordu behar izan zituen, Miguelink-erako hamabi, eta Latin Brother-erako hamalau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu