Euskal zinemea New Yorkera helduko da

Bizkaie! 2019-11-08 08:54   Zinemea

Lau film emongo ditue Village East Cinema aretoan.

'Amama' filmak zabalduko dau jaialdia | Ikusi handiago | Argazki originala

Munduko uririk garrantzitsuenetako batean, euskal zinemagintzearen lau harribitxi ezagutu ahal izango dira, datorren astean hasiko dan New York City Basque Film Festival ekimenaren lehenengo edizinoari esker. Etxepare Euskal Institutuak azaldu dauenez, Manhattan ugarteko Village East Cinema areto mitikoak hartuko dau jaialdia, eta euskal zinemagileen dokumental bi eta beste horrenbeste fikzinozko lan proiektauko ditue.

Egitarauko lau pelikulak euskerazkoak dira, eta ingelesezko azpitituluak ipiniko deutsiez. Era horretara, euskerea, euskal kulturea eta zinemagintzea AEBetako publikoari hurreratu gura deutsie. New Yorken bizi dan euskal komunidadearentzako be hitzordu interesgarria izango da. Eusko Jaurlaritzeak Estadu Batuetan daukan ordezkaritzeak antolatu dau jaialdia, Etxepareren laguntzinoagaz.

Zemendiaren 11n hasiko da New York City Basque Film Festival. Egun horretan, Asier Altunaren Amama proiektauko dabe, 2016ko Donostiako Zinemaldian Irizar saria irabazi eban pelikulea. Desagertzear dan baserriko bizitzearen eta uriko bizimoduaren arteko kontrastea agertzen dau filmak, baita belaunaldien artekoa be.

Hurrengo egunean, 12an, Oier Aranzabalek 2018an egindako Margolaria filma emongo dabe. Mikel Urdangarin abeslariaren egunerokoa azaltzen dau pelikula horrek, eta Alain Urrutia artista bilbotarra be agertzen da. Bidaia baten formatua emonda, artisten sorkuntza prozesuan eta gogoetetan sartzen da Margolaria.

Hilaren 13an, Telmo Esnalen Urte Berri on, amona! pelikulearen txandea izango da. Umore ikutuagaz, zahar etxeen eta zahartzaroaren errealidadea erakusten dau. Aktore ezagunak agertzen dira: Nagore Aranburu, Joxean Bengoetxea eta Kontxu Odriozola.

Azken hitzordua Gorka Bilbaok zuzendutako Jai Alai Blues dokumentala izango da. Zesta puntearen historia azaltzen dau, Estadu Batuetan sasoi baten ospe handia hartu eban kirolarena, beraz. Pelotari ezagun batzuen biografietatik abiatuta, Euskal Herriko eta Ipar Amerikako kulturen alderdi onenak batu ditu Bilbaok.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu