Injinerutza Eskolako Formula Student Bizkaia Bilboko kaleetan ibiliko da

Bizkaie! 2019-11-07 12:17   Kirola

Hilaren 9an, 12:00etan hasiko da kotxearen ibilbidea Bizkaia Aretoaren parean.



Egunero ez dogu Silverstoneeko txapeldun bategaz asfaltoa konpartiduteko aukerarik izaten, ezta uriko kale nagusietatik lasterketako monoplaza batek lasai asko zelan dabilen ikusteko aukerarik be baina datorren zapatuan, hilaren 9an, izango dogu horretarako aukerea. EHU/UPVko Zientziaren Astea dala eta, Bilboko Injinerutza Eskolako Formula Student Bizkaia taldeak Driving Bilbao antolatu dau; ekitaldi horretan, bilbotarrek zehaztasun osoz ezagutu ahal izango dabe oso-osorik ikasleek diseinau eta eregitako eta nazinoarteko zirkuituetan mundu osoko monoplazakaz lehiatzen dan automobila.

Driving Bilbao eguerdian hasiko da, Bizkaia Aretoaren inguruetan, EHU/UPVk Abandoibarran dauen eraikinaren parean. Bertatik, Formula Student Bizkaia taldeko kide batek gidatuta eta Udaltzaingoak lagunduta, Ramón Rubial kaletik Euskadi plazara doan ibilbidea egingo dau. Han Deustuko zubia hartuko dau, Pio X plazaraino, Euskadi plazara itzuli eta Elkanotik Moyuara joan ondoren. Amaitzeko, Kale Nagusia hartuko dau, Bihotz Sakratuaren plazaraino, buelta osoa emon eta plaza Biribilera heltzeko. Bertatik Foru Aldundiaren eraikinera itzuliko da, 12:30ean.

Bertan, Foru Jauregiaren aurrean, monoplazea ikusgai egongo da 14:00ak arte, hurreratzen dan jente guztiak ibilgailuaren diseinua, eregiteko prozesua eta barrikuntza guztiak ikasleen eskutik ezagutzeko. Aurtengo modeloak 200.000 euroko aurrekontua dau, eta hobekuntza teknologikoak sartu ditu balaztatzearen energia berreskuratzeko sisteman, txasisaren diseinuan eta aerodinamikan, suspensinoan eta bateria pack-ean, neurri eta pisu txikiagokoak jarriz, sendoagoak izan daitezan. Emoitzea, 210 kilo, metro eta erdi zabal eta hiru metro luze dituan monoplazea da, 0tik 100 kilometro ordura hiru segundotan heltzen dana, potentzia osoa erabiliz 22 kilometroko autonomia dauena (110CV), eta 110 kilometro orduko abiadurea hartu leikena.

Formula Student Bizkaia taldeak sailkapen orokor konbinatuaren top ten izenekoaren barruan sartzea lortu dau uda honetan, Silverstoneko (munduko 81 unibersidaderen aurrean) eta Montmeloko (86 talderen kontra) zirkuituetan egindako Formula Student txapelketan. Sailkapen orokorrean lortutako emoitza bikainaz gan, kostu eta fabrikazino jasangarri, diseinu, energia eraginkortasun, erresistentzia eta negozio eredu kategorietan be nabarmendu da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu