'The Dawn Wall' filma eta mendi zinemagintzarik onena Getxon
2019-11-07 11:02 KirolaZemendiaren 11, 12, 13 eta 14an dira hitzorduak.
BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinemaldiko pelikula onenetatik 10 eskainiko dira Algortako Muxikebarri Zentroan. Ikastetxeetako gazteentzat be saioak atondu dira, goizetan, 12 urtetik 18ra bitarteko gazteentzat.
Mendia eta abentura gaien inguruko pelikularik onenak eta gaur gaurkoenak gozetako aukerea eskainiko da zemendiaren 11, 12, 13 eta 14an, astelehenetik eguenera, Muxikebarri Zentroko Areeta Aretoan.
BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinemaldiaren 12. edizinoa hur dago (abenduaren 6tik 15era) eta Bizkaia mendi zinemagintza kutsua hartzen dago, eta aurrekari erakargarria da Getxokoa.
Goi mailako 10 pelikulek osotuko dabe programazioa, igaz nabarmendu ziranak danak; tartean da The Dawn Wall, Tommy Caldwell eskalatzaile iparramerikarraren ibilbidea islatzen dauena, munduko big wall eskalatzailerik onenaren gorabeherak, lorpenak eta bide-oztopo harrigarriak; Bilbon bezela, mundu osoan erantzun bikaina izan dauen lana.
The Search for the Wooo pelikulea, David Lamaren gomutea dakarrena, zoritxarrez, aurten, Kanadako Rokosetan, hil zan alpinistea, Hansjörg Auer eta Jess Roskelley-gaz batera. Kepa Acero haren lagunak parte hartzen dau pelikulan, eta Muxikebarrin izango da jentaurrean berba egiteko prest.
Bayandalai Lord of the Taiga lanaren emonaldia be berezia izango da. Bilbon, igaz, Kultura eta Natura film onenaren saria jaso eban lan honen produktorea Lara Izagirre da, eta zuzendariak, Pablo Vidal eta Aner Etxebarria; Muxikebarrin izango dira.
Getxon eskainiko dituen filmak:
THE DAWN WALL Epaimahaiaren Saria.
EVEREST GREEN Mendiko Film Onena.
BAYANDALAI LORD OF THE TAIGA Kultura eta Natura Film Onena.
VIACRUXIS Film Labur Onena.
THIS MOUNTAIN LIFE Sail Ofiziala.
THE SEARCH FOR THE WOOO Sail Ofiziala.
LIV ALONG THE WAY Sail Ofiziala.
UP TO SPEED Sail Ofiziala.
IN THE STARLIGHT Sail Ofiziala.
AGE OF ONDRA Sail Ofiziala.
Pelikula guztiak jatorrizko bersinoan eskainiko dira, azpidatziakaz lagunduta, euskeraz eta gaztelaniaz. Saioak Mendi Tourreko ordezkariek aurkeztuko ditue.
Programazio biribila da, eta zabala gaitegi eta estilo aldetik, publiko guztientzako egokia. Eskalada eta mendi munduko personaia ezagunak, eskietan eginiko zeharkaldi handiak, free-skia, mendiko kulturea, ingurumen hausnarketea... Eta dana atontzeko, kalidade tekniko handia: argazkia, musikea, gidoiak, istorioak, guztiak bikainak.
Sarrerak, saioko 3€ bakotxa, Algortako Kultur Etxean eta Romo Kultur Etxean erosi daitekez, baita salmentarako https://tickets.kutxabank.es webgunean be, urriaren 28tik aurrera. Muxikebarriko txarteldegian proiekzinoak hasi baino ordubete lehenagotik. Lau egunetako bonua erosteko aukerea be badago, 10€-an (zuzeneko salmentan).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!