Zinebik zortzi proiektu aukeratu ditu II. Dokumentalen Foro Profesionalerako

Bizkaie! 2019-10-31 13:08   Zinemea

Bertoko talentua eta ikus-entzunezko produkzinoak bultzatzea dira helburuak.

Film Laburren eta Dokumentalen Nazinoarteko Jaialdiaren, Zinebiren 61. edizinoaren harira, bigarrenez antolatu dabe Zinebi Networking, dokumentalen sorkuntzeagaz lotutako topaketa profesionala. Aukeratutako zortzi proiektuek hainbat jardueratan parte hartuko dabe, eta egileek adituen aholkuak jasoko ditue.

Danetara, 22 proiektu aurkeztu dira, eta epaimahaiak honeek aukeratu ditu: El Peso (Tamara Lucarini); Bost Minutu (Amaia Nerekan); Tetuán (Iratxe Fresneda); Bolante baten historia (Iban Toledo Ibáñez); Margolan bat oparitzen didazu? (Ainhoa Urgoitia); Europa a la Intemperie (Roberto San Sebastián eta Naiel Ibarrola); Balika (Lander Ibarretxe eta Aitor Sánchez); eta Caminho Longe (Josu Martinez eta Txaber Larreategi).

Virginia del Pino dokumentalgileak hainbat jakingarri emongo deutsez proiektuen sortzaileei, eta, zemendiaren 11n, pitching saioa egingo dabe Azkuna Zentroan. Han batuko dira ikus-entzunezkoen arloko aditu ugari, proiektu bakotxa baloretako.

Batzorde horrek aukeratutako proiekturik onenari Zinebi Networking 2019 Saria emongo deutsie zemendiaren 15ean, 61. Zinebiren amaierako galan, Bilboko Arriaga Antzokian. Irabazleak 10.000 euro jasoko ditu.

Euskal zinemearen sormen-gaitasuna bultzatzea eta ikus-entzunezko produkzinoa garatzea dira Zinebi Networking topaketearen helburuak. Dokumentalen sorgunetzat aurkezten dabe ekimena, foro honen bitartez bertoko industria-sarea dinamizau eta profesionalen prestakuntzea hobetu nahi ditualako Zinebik. Era berean, alkarren arteko ezagutzea eta trukea bultzatzen ditu.

Foroaren antolatzaile dira, Zinebigaz batera, Euskal Produktoreen Alkartea, Euskal Telebista, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia (BEAZ) eta Europa Creativa Desk Media Euskadi bulegoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu