Kalidadea kudeatzeko bost ISO arau euskeratu ditue
2019-10-28 08:00 Euskerea berbagaiArlo sozioekonomikoan euskerea bultzatzeko helburuagaz bat eginez datoz itzulpenak.
Dagoeneko enpresen esku dagoz itzulpenok. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta UNEk 2017an sinatu eben lankidetza-hitzarmenari esker egin ahal izan da pausu hori. Jaurlaritzeak, gainera, zirkular bat bialdu deutse euskal enpresei, aitatutako arauak euskeraz eskuragarri dituela jakinarazoteko.
Euskerara itzulitako bost arauak honako honeek dira:
- UNE-EN ISO 9001 Kalidadea kudeatzeko sistemak. Eskakizunak.
- UNE-EN ISO 14001 Ingurumen-kudeaketako sistemak. Erabilteko eskakizunak.
- UNE-EN 91OO Kalidadea kudeatzeko sistemak. Abiazino, espazio eta defentsa-organizazinoetarako eskakizunak.
- UNE 19601 Konplimendu penalerako kudeaketa sistemak. Eskakizunak eta erabilteko gomendioak.
- UNE-EN ISO/IEC 27001 Informazinoaren teknologia. Segurtasun teknikak. Informazinoaren segurtasunaren kudeaketa-sistemak. Eskakizunak.
Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Javier Garcia Diaz UNE Espainiako Normalizazino Alkarteko zuzendari nagusiak 2017ko amaieran sinatu eben neurri horreek bultzatzeko akordioa. Hitzarmenaren helburua da ISO arauak euskerara itzultzeko programa bat lantzea hitzarmenak iraungo dauen lau urteetan, baina epe hori baino gehiago luzatu ahal izango da. Arau tekniko horreek merkatuak jardunbide egokiei buruz dauen adostasuna islatzen dabe, erakundeen lehiakortasunerako oinarrizkoak diran gaiei heltzeko orduan, enpresen ziurbakotasuna kenduz. Euskeratzeaz gan, ISO arauak galegora eta katalanera be itzultzen dira.
Eusko Jaurlaritzea, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren bitartez, hitzarmenaren helburu dan programearen UNE arauak euskeratzeaz arduratzen da, baita beharrezko eguneraketez be. Horrezaz gan, urteko programan txertatu nahi diran arauen zerrendea sinatuko da urtean behin.
Ondoren, Eusko Jaurlaritzeak arauen euskerazko itzulpena entregau behar deutse UNEko arduradunei, bersino hori eta UNE arauari jagokon jatorrizko bersinoa bat datozela bermatuz. Bestalde, hitzarmenaren indarraldian zehar, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak urteko partida bat jasoten dau aurrekontuetan arauen itzulpengintzarako.
Azkenik, UNE arduratzen da, beste gai batzuez gan, hitzarmenaren helburu dan lan-programatik datozen arauen euskerazko bersinoak, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak editau eta zabaltzeaz. Edizinoaren kostuak UNEk hartzen ditu beregan. Erakunde horrek baimendu egiten dau Euskalterm Euskal Terminologia Banku Publikoan txertatzea hitzarmen honen helburu diran UNE arauetan hartutako terminoak eta jendartean zabaltzea, betibe euren jatorria azalduta.
Normalizazinorako Espainiako Alkartea, UNE, Espainian arau teknikoak lantzea legez arduratzen dan erakundea da eta ehun ekonomikoaren eskueran jarten dau munduko katalogo osotuenetako bat. UNE Espainiako ordezkaria da Nazinoarteko normalizazino-erakundeen aurrean (ISO eta IEC), baita Europakoen (CEN eta CENELEC) eta COPANTen aurrean be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!