24 Ordu Digitalean antolatu dabe Elorrion
2019-10-24 13:31 ZinemeaZemendiaren 1etik 2ra, egun bakarra izango dabe parte-hartzaileek film laburrak egiteko.
Ikus-entzunezkoak eta multimedia gustoko dituenei aukerea emoteko asmoz sortu eban Elorrioko Arriola Antzokiak 24 Ordu Digitalean lehiaketea. Aurtengo edizinoa zemendiaren 1ean eta 2an izango da, eta oinarri nagusia ez da aldatu: Izena emoten daben taldeek 24 ordu baino ez ditue izango film labur bana egiteko.
Aurkeztutako pelikulek gai edo kontzeptu jakin bat izan beharko dabe ardatz. Zemendiaren 1ean, barikuan, arratsaldeko bostetan esango dabe antolatzaileek zein dan edizino honetako gaia. 24 ordu geroago entregau beharko dira lan guztiak. Tarte labur horretan, parte-hartzaileek istorioa asmau, grabau eta editau beharko dabe.
Egun horretan bertan, gaueko hamarretan, aurkeztutako film labur guztiak proiektauko ditue Arriolan eta ondoren, sariak emon. Irabazleari 700 euro emongo deutsiez, eta finalista bietako bakotxari, 500.
Arriola Antzokikoen esanetan, formula horrek emoitza bikainak dakarz, lan-taldeak sortu eta teknologia barriak erabiltea bultzatzen da (filmak formatu digitalean entregau behar dira). Horrezaz gan, sormena eta idea originalak agertzen dira beti. Euskal Herri osoko taldeek emoten dabe izena, batez be Durangaldekoek.
Informazino gehiagorako eta izena emoteko: 24ordu@arriolaka
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!