Euskal liburuak danieraz, katalanez eta albanieraz

Bizkaie! 2019-10-21 09:21   Kulturea

Etxepare Institutuak itzulpenetarako emondako diru-laguntzinoei esker argitaratu dira.

Euskeratik beste hizkuntza batzuetara itzulitako hiru liburuak (argazkia: Etxepare) | Ikusi handiago | Argazki originala

Katixa Agirre danieraz, Eider Rodriguez katalanez eta Bernardo Atxaga albanieraz irakurri ahal izango dira aurrerantzean, Etxepare Euskal Institutuak euskal literaturako lanak itzultzeko emondako laguntzinoari esker. 2018ko deialdira hainbat proiektu aurkeztu ziran, eta horreek hirurak dira orain argia ikusi dabenak.

Ane-Grethe Ostergaard arduratu da Katixa Agirreren Atertu arte itxaron liburua euskeratik danierara itzultzeaz. Aurora Boreal argitaletxeak plazaratu dau nobelea danieraz. Lehendik, gaztelaniaz be egon da. Atertu arte itxaron, 2015ekoa, road-movie tankerako eleberria da, bikote batek Euskal Herrian zehar egiten dauen bidaia baten kronikea dan ezkero.

Eider Rodriguezen Bihotz handiegia, ostera, katalanez argitaratu dabe. Euskadi Saria irabazitako lan horretako ipuinak Pau Joan Hernéndezek itzuli ditu, eta Bartzelonako Edicions del Periscopi etxeak kaleratu dau. Gaztelaniara be itzulita dago liburua.

Azkenik, Bernardo Atxagaren Soinujolearen semea albanieraz plazaratu ahal izan da, Etxepareren laguntzinoagaz. Chejov vs. Shakespeare ekimenaren bidez ezagutu eben alkar Atxagak eta Bashkim Sheju idazle albaniarrak, eta hartu-emon hori izan da albanierazko itzulpenaren oinarria. 2003ko eleberri horrek Joseba eta David lagunen gorabeherak kontetan ditu, 1930eko hamarkadatik XXI. mendera arte, Euskal Herriko gatazkearen giroan.

Soinujolearen semea, Atxagaren beste liburu batzuen moduan, hizkuntza askotara itzulita dago, albanieraz gan. Besteak beste, ingelesera, suedierara, bulgarierara, frantsesera, danierara, italierara, alemanierara, errusierara eta galizierara.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu