Dokumentalak eta nazinoarteko biltzarra, 'Scotland Goes Basque' biribiltzeko

Bizkaie! 2019-10-10 12:35   Kulturea

Euskal kultura garaikidea atzerrian erakustea da egitasmoaren helburua.

Eskoziako egitaraua aurkezteko ekitaldia (argazkia: Etxepare) | Ikusi handiago | Argazki originala

Urtearen hasieratik Eskozian euskal kulturearen eta sorkuntzearen barri emoten dabil Etxepare Euskal Institutua, Scotland Goes Basque goiburupean. Ekimena amaitzeko, dokumentalen zikloa eta egun biko biltzarra antolatu ditue Glasgow eta Edinburgo urietan.

Gure kulturea eskoziarrei erakusteko asmoz, alor ugaritako hitzorduetan parte hartu dabe euskal sortzaileek: musikea Celtic Connections jaialdian; zinemea CinemaAttic plataformearen programazioan eta Edinburgh International Film Festival jaialdian; arte eszenikoak Fringe jaialdian; eta literaturea Edinburgh International Book Festivalen.

Udagoienean, zinema dokumentalean jarriko dabe arretea. Urriaren 11tik 20ra, Europa Transit bildumako hiru dokumental ikusi ahal izango dira Eskozian: Kaleko dantzariak, Erresilientzia-soinuak eta Mugaminak. Donostia 2016 Europako Kultura Uriburuaren egitasmoaren barruan sortu zituen bildumako dokumentalak.

Edinburgon proiektauko dabe Kaleko dantzariak, hilaren 12an, eta Sra Polaroiska bikote artistikoak hartuko dau parte aurkezpenean. Izan be, bikote hori da filmeko protagonistea. Bezperan, Lur away izeneko performancea egingo dau Sra Polaroiskak, Eskoziako uriburuan bertan.

Urriaren 17an, Edinburgo St. Cecilia's Hall aretoan proiektauko dabe Mugaminak. Amets Arzallusek Ziprera egindako bidaia kontetan da hor, turkiar eta greziar jatorrikoen arteko gatazkan arretea jarrita. Bide batez, Arzallusek bertsolaritzearen inguruko berbaldia emongo dau.

Azken saioa Glasgown izango da, urriaren 20an. Maite Arroitajauregi, Mursego euskal musikariaren eta Vedran Smailovic biolontxelista bosniarraren arteko hartu-emona kontetan dau Erresilientzia-soinuak dokumentalak. Mursegok pieza batzuk joko ditu saioan.

Beste alde batetik, Etxeparek eta Edinburgoko Unibersidadeak nazinoarteko biltzarra antolatu dabe urriaren 16 eta 17rako. Hizkuntza gitxituetako hedabideen inguruan eztabaida akademikoa eta profesionala bultzatzea da helburua, eta, aldi berean, unibersidadeko ikertzaileen eta komunikabideetako profesionalen artean alkarlanerako bidea zabaltzea. 30 bat adituk hartuko dabe parte.

Hain zuzen be, Euskal Herriaren eta Eskoziaren arteko antzekotasunetako bat da hizkuntzen aniztasuna. Herrialde biek behar ditue, hortaz, aniztasun hori landuko daben komunikabideak. Hizkuntza gitxituen aurrerabidean hedabideek daben zeregina be jorratuko dabe Edinburgoko hitzorduan.

Eskoziako gaelikoaz, eskozieraz eta euskeraz gan, beste hizkuntza gitxitu batzuetako esperientziek be izango dabe lekua biltzarrean, berbarako, katalanak, galeserak, frisierak, joruberak, sardinierak eta zuluerak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu