IV. Surf Business Meeting Getxon eta Sopelan

Bizkaie! 2019-10-08 08:02   Kirola

Cisco Araña, Brasilgo lehenengo surflari profesionala gurean izango da.

Surf Business Meetingaren edegieran, datorren urriaren 10 eta 11rako Getxon eta Sopelan atondutako jardueren agendan, Sopelako Udaleko Enplegu eta Ekonomia Sustatzeko Sailak edizino honek emoten dauen aukerea aprobetxau gura izan dau, tokiko surf eskolei tailer edo workshop landua eskaintzeko.


Gizarteratzeko surfa, aurtengo protagonista

Cisco Araña, Brasilgo lehenengo surflari profesionala, bere herrialdeko lehenengo surf eskolako arduraduna da, 20 urte baino gehiago daroaz lanean gizarte-bazterketa arriskua, mobikortasun arazoak eta ezintasunak (adimenekoak, psikikoak, fisikoak, autismoaren espektroaren nahasteak...) dituen personakaz. Ciskok eta bere taldeak, San Pauloko unibersidadeko irakasleek, kolektibo horreetarako personentzako surfa egiten erakusteko metodologia, teknikea eta ikerketak landu ditue. Egun erantzun handia lortu dauen Silver programea abiarazo dabe 50 urtetik gorakoentzat, izan be, tarte horretan surflari barri askok izena emoten dabe eta askotan 80 urtetik gorakoak izaten dira.

Ciskok bere ezagutza eta esperientzia konpartiduko ditu Sopela eta Getxoko 8 surf eskolakaz, surfaren erdigune nagusia, Sopela eta Getxoko surf eskoletako monitoreei zuzendutako ikastaro baten bidez. Hitzordua datorren urriaren 8an izango da arratsaldeko 17:00etan Sopelako Arrietara hondartzan Peña-Txuri Surf Taldeak dituan instalazinoetan.

Hiru egun aurrerago, urriaren 11n, goizez, Cisco Arañak berbaldi edegi eta dobako bat eskainiko dau, Surf Business Meeting ekimenaren barruan, Gizarteratzea, surfak bizitzak aldatzen ditu titulupean, surfeko nazinoarteko guru hau entzuteko aukera bakarra. Informazino gehiago eskuratzeko eta mahai-inguruan dobako izena emoteko klik egin hemen

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu