X. Ja! Bilbaon, David Truebak bere umorezko sekuentziarik gustokoenak erakutsi ditu
2019-10-07 08:31 KultureaAsteon El río baja sucio liburua argitaratuko dau zinemagile madrildarrak.
Ja! Bilbaoren amaieran, proiekzinoaren ostean, zinemagile madrildarrak hainbeste barre eragin deutsiezan atal zinematografiko horreek azaldu deuskuz eta, horretarako, Juan Bas, Umorezko Literaturearen eta Artearen Nazinoarteko Jaialdiaren zuzendaria, izango dau berbakide. La buena vida, Soldados de Salamina eta Vivir es fácil con los ojos cerrados filmen zuzendariak bat egingo dau joandako urteetan atal honetako protagonistak izan diran beste egileakaz: Isabel Coixet, Pedro Olea, Imanol Uribe, Borja Cobeaga, Pablo Berger eta haren beraren anaia, Fernando Trueba.
David Trueba pil-pilean dago idatzi dauen azken liburuagaitik: El río baja sucio. Bertan, protagonista biak tensino ezezagun baterantz malkartu ditu, eta erakusten deutse batek tolesbakotasuna galtzen dala edadez nagusia egiten danean. Zeozegaitik islatzen deusku izakerea osotu eta betirako izango ditugun idealak eregiten diran bizitzako etapa hori.
David Trueba (Madrid, 1969)
Kazetaritzea ikasi eban eta sekula ez dau ogibidea itxi, besteak beste, El peor programa de la semana telebista-saioa eta ¿Qué fue de Jorge Sanz? seriea zuzendu ditu. Haren karrera zinematografikoan, beste zuzendari batzuentzat gidoiak idatzi zituan, berbarako, Los peores años de nuestra vida edo La niña de tus ojos filmeetan. 1996an erantzun handiko estreinaldia izan eban La buena vida filmagaz eta sei Goya Sari irabazi zituan (tartean Film Onenari Saria) Vivir es fácil con los ojos cerrados obreagaitik.
Anagrama argitaletxeari lotuta egon da nobelagile-ibilbide osoan. Haren nobela garrantzitsuenetako bat da Saber perder (Kritikearen Saria, urteko libururik onena El Mundoren El Cultural sekzinoaren arabera eta Frantziako Médicis Sariaren finalistea). Blitz eta Tierra de campos dira haren azken nobelak.
Juan Bas (Bilbao, 1959)
Komikien (El Víbora, Cimoc...) eta milaka telesaioen gidoilaria izan da (Farmacia de guardia, Turno de oficio...). Beste liburu batzuen artean Páginas ocultas de la historia kontakizun-liburukiak argitaratu ditu, Fernando Maríasegaz batera idatzitakoak, eta La taberna de los 3 monos. Ondoko eleberriak be idatzi
ditu: El oro de los carlistas, Alacranes en su tinta, La cuenta atrás, Voracidad (Euskadi Literatura Saria), Ostras para Dimitri, Pájaros quemados eta El refugio de los canallas. Tratado sobre la resaca eta La resaca del amor sailkaezinak eta El número de tontos artikulu– bildumea. Haren obrak ondoko hizkuntzetan be irakurri daitekez: frantsesez, alemanez, italieraz, errusiarrez, bulgariarrez, norvegiarrez eta euskeraz. El Correo egunkariko eretxi-atalean zutabegilea da. 2010ean, Bilboko Barrea Jaialdia egitea otu jakon eta zuzendari lanetan dabil orain.
Elvira Lindok jaso dau 20.000 euroko BBK JA! Bilbao Saria
Elvira Lindo izan da Ja! Bilbaoren aurtengo saritua, bokazinoko umorista eta haren idatzizko obra guztian nahiz biziteari aurre egiteko moduan umore-sena eta pentsaera bereziko idazlea dalako.
Elvira Lindo umorearen eraginpean eta dohain horregaz jaioten diran leinukoa da, umorearen gatibu eta umoreagaz bedeinkatua.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!