Zentzundun umorearen alde egin dau Elvira Lindok Bilbon

Dabi Piedra 2019-10-04 12:57   Kulturea

Ja! Jaialdiaren saria emongo deutsie idazle espainiarrari.

Elvira Lindo eta Juan Bas, Bilbon. | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilbon dago Elvira Lindo gaztelaniazko idazle ospetsua, Umorezko Literaturearen eta Artearen X. Nazinoarteko Jaialdiak, Ja! Bilbao dalakoak, konbidauta. Izan be, zapatuan, hilak 5, aurtengo edizinoko sari nagusia emongo deutsie, 19 urtegaz hasi eban ibilbide oparo eta umorez txipriztindua autortzeko.

Juan Bas jaialdiaren zuzendariagaz batera agertu da Elvira Lindo sariaren bezperan egindako prentsaurrekora. Beste genero batzuetako nobelek ezagun egin daben arren, idazle andaluziarrak azaldu dau betidanik izan dauela umorez idazteko jokerea, 19 urtegaz kazetaritza ikasketak itxi eta irratian kolaboretan hasi zanetik. Umorezko gidoiak eta esketxak egiten zituan orduan, eta gerora be sarri landu dau umorea, fikzinoan zein zutabegintzan.

Manolito Gafotas hamar urteko mutikoa da bere umorezko pertsonaiarik ezagunena. Irratirako sortu eban, baina gazteen artean harrera bikaina izan eben liburuetara heldu zan gero. Manolitoren filmak be badagoz. 1980ko hamarkadan, Manolito sortzea barrikuntza handia izan zala azaldu dau Lindok, ordura arte ez zalako ohikoa langile klaseko ume bat umorezko pertsonaia bihurtzea.

Mugak apurtu ditu Manolitok, duda barik. Hizkuntza ugaritara itzuli ditue haren abenturak, euskerara be bai. Horregaitik, Lindok adierazo dau independentea dala orain Manolito, bere bidea egiten dabilela.

Bestetik, testu serioetan be umore tantaren bat sartzen ahalegintzen dala adierazo dau Lindok. Dana dala, umorea huts-hutsean ez jako gustetan, sakonean edukiren bat edo gogoetaren bat dakarrena egiten ahalegintzen da: Nire helburua zentzundun umorea egiten da, ganorazko zeozer esaten dauena.

Zentzun hori bilatzeko lanean, hain zuzen be, gogoeta-momentu baten dagoala autortu dau. Beharbada fikzinora jo behar neuke bete-betean, ze gaur egungo arazo batzuei umoretik ez dakit zelan heldu, beharbada gai batzuez umorerik be ez litzateke egin behar. Jentearen ongizateari zuzen-zuzen eragiten deutsien tragedia batzuez txisteak egitea ona ete dan, airean itxi dau zalantzea.

Ikuspegiaren garrantzia

Agerraldiak aurrera egin ahala, zalantza horri erantzuna emoteko ahalegina egin dau Lindok. Gauza jakin batzuen inguruko umorea ez jako egokia begitantzen, baina, batez be, umorea nork egiten dauen da garrantzitsua bere ustez, ikuspegia aldatu egiten dalako. Hau da, ez da gauza bera handikiak pobreen inguruko txisteak egitea, edo klase bajukoek euren pobreziaren ganeko umorea eukitea. Azken hori, eguneroko estutasunei aurre egiteko tresna kolektibo baliotsua izan daiteke.

Kulturearen, herrialdearen eta garaiaren arabera be, umorea ulertzeko moduak aldatu egiten dirala ikusi dau Lindok bere ibilbide luzean. Esperientzia garratza izan eban behin, Estadu Batuetako ikerlari batzuk beragaz berba egiten joan jakozanean. Manolito Gafotas pertsonaia matxista, arrazista eta klasistea zala bota eutsien. Zelan izango da hamar urteko mutil bat horrenbeste gauza txar?, pentsetan neban, baina Ameriketan ez eben ulertzen umore klase hori. Gaur egun, Estadu Batuetan gauzak aldatzen doazala dino.

Alderantzizkoa be jazo izan jako: Estadu Batuetan judutarren txisteak ohikoak eta onartuak zirala ikusi eban, harriduraz, han bizi izan zanean. Espainiara bueltau, eta ez zan ausartzen hareek txisteak kontetan, jenteak onartuko ez zitualakoan.

Gizartearen epaia

Umoregileak kritikak izango dituala onartu behar dauela be azpimarratu dau Elvira Lindok. Gizartearen eretxiak min emon leikela dino, berak be pasadizo latzen bat izan dauela ganeratuta. Azken baten, umoregilearena lanbide arriskutsua da: egindako umorea publikoari erakusten deutsazunean, jentearen epaiaren menpe geratzen zara.

Beraz, umoreak mugak euki leikezela onartu dau. Hori bai, muga judizialik ez, umorea epaitzea ez dala justizia arloaren lana dino, gizarteko eztabaida bat baino. Umoregileak epailearen aurrean ikustean, normala da euren alde jartea, hori ez dalako eurei jagoken lekua. Baina, jakina, horrek ez dau esan gura debate sozialik egon ezin danik esan dauenaren inguruan.

Kontuak kontu, Elvira Lindok hamargarren edizinoko Ja! Saria jasoko dau zapatuan (19:00). BBK Salan egingo dan ekitaldian, Txani Rodriguez idazle eta kazetariak galdera batzuk egingo deutsaz. 20.000 euro emongo deutsiez Lindori sariagaitik, eta, ganera, orain arteko irabazleen zerrendan sartuko da. Tom Sharpe, Ismail Kadaré, Julian Barnes, Joyce Carol Oates, Álex de la Iglesia... dagoz irabazleen artean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu