Yannick Bellonen atzera-begirakoa Donostian eta Bilbon
2019-10-04 09:09 ZinemeaEuskadiko Filmategiak zinemagile lapurtarraren hainbat lan proiektauko ditu.
2015etik, Euskadiko Filmategiak programazino egonkorra dauka, urtero euskal zuzendari bati ziklo zabala eskaintzen deutso. Aurreko urteetan, Victor Erice, Juanma Bajo Ulloa, Daniel Calparsoro eta Helena Taberna izan dira protagonistak, eta, udagoien honetan, Yannick Bellon miarriztarraren txandea izango da. Bagilaren 2an hil zanez, aukera ederra da haren lanari errepasoa egiteko.
Proiekzinoak Donostiako Tabakaleran eta Bilboko Arte Eder Museoan egingo ditue, hau da, Euskadiko Filmategiaren egoitza bietan. Gaur, barikua, izango da lehenengo saioa, Donostian, eta bihar, hilak 5, Bilbora helduko da. Bellonen lehenengo film luzea, Quelque part quelqu'un, emongo dabe, eta mahai-ingurua egongo da.
Abenduaren 21era bitartean, beste hamar emonaldi egingo ditue Arte Eder Museoan. Tabakaleran, beste horrenbeste, abenduaren 19ra arte. Ganera, emonaldi berezi bat be atondu dabe, urriaren 31n (Donostian) eta zemendiaren 2an (Bilbon). Apollo 11 filma, Todd Douglas Millerrek zuzendua, ikusi ahal izango da.
Bellonen pelikulak frantsesezko jatorrizko bersinoan emongo ditue, zuzendariaren laneko hizkuntzea hori zalako. Saio batzuetan, azpitituluak euskeraz ipiniko ditue, eta beste batzuetan, gaztelaniaz. 19:00etan hasiko dira saio guztiak, eta, Bilboren kasuan, museoko leihatilan edo internetez erosi leitekez sarrerak, 3,50 euroan.
Zikloagaz bat eginaz, Euskadiko Filmategiak Yannick Bellonen inguruko liburu monografikoa argitaratu dau. Eric LeRoy adituak idatzi dau, frantsesez, eta gaztelaniazko bersinoa be badago, Luisa Etxenike idazleak itzulita. Euskeraz ez dago.
Yannick Bellon 1924an jaio zan, Miarritzen, eta gazte sasoian Euskal Herriari oso lotuta egon zan. Gazterik hasi zan zinemagintzan, 1948an aurkeztu eban Goémons lehenengo film laburra. Film luzeak egiten, baina, 1972ra arte ez eutsan ekin (Quelque part quelqu'un). Aurretik, telebistan eta produkzinoan ibili zan urte batzuez. 1974an, La Femme de Jean lanari esker, Zidarrezko Maskorra irabazi eban Donostian.
Zazpi hamarkadako ibilbide luzea izan eban Bellonek. 2018koa da bere azken filma, D'où vient cet air lontain?. Sasoian sasoiko ardura sozialei sarritan heldu eutsen bere filmografian, baina gai personalagoak be landu zituan. 2019ko bagilean hil zan, Parisen, 95 urtegaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!