'Ikutzeko Artea' programea Gipuzkoara be helduko da

Bizkaie! 2019-10-03 13:35   Kulturea

Ikusteko arazoak dituenei artea hurreratzeko asmoz, Bilboko Arte Eder Museoak antolatzen dau.

Bizkaian erantzun bikaina izan dau Ikutzeko Artea programeak. 2018tik 2019ko maiatzera arte, Bizkaiko ikastetxeetako 4.459 lagunek erabili eben ekimena artearen bidez ikasteko. Urteko azken hiruhilekoan, Gipuzkoako eskoletara helduko da Ikutzeko Artea, Donostiako IBT zentroaren eta Iberdrolaren babesagaz.

Durero estudioak asmautako teknikea da programearen oinarria. Arte Eder Museoko bildumako obra batzuen irudi digitalari testurea eta erliebea emoten jake, ikusmen urritasuna dabenek ukitu eta sentidu deien. Ganera, audiogida osogarriak be badagoz, euskeraz, gaztelaniaz eta ingelesez, baita obren azalpenak braillez idatzita be.

Programearen helburua hezitzea danez, ikusmen urritasuna dabenek ez eze, ganerako ikasleek be hartu leikie parte. Horretarako, begiak tapetako maskara berezia emoten deutsie, obrea ukimenaren bidez ezagutu deien.

2012an jarri eben martxan Ikutzeko Artea, eta gero beste museo ospetsu batzuk be erabilten hasi dira euren bildumako obrakaz (Madrilgo Prado eta Moskuko Puxkin, berbarako). Hasieran, Bilboko Arte Eder Museoaren bildumako sei artelan egozan ukimenaren bidez ezagutzeko egokituta, baina orain, beste bat gehiago egongo da: Noeren Kutxea (XIII. mendeko Kataluniako arte erromanikoa).

Ganerako obrak honeek dira: Grekoaren Agerkundea; José de Riberaren San Sebastian emakume santuek sendatua; Orazio Gentileschiren Lot eta haren alabak; Mary Cassatten Emakumea eserita, haurra besoetan duela; Francis Baconen Lying Figure in Mirror; eta Adolfo Guiarden Krabelin gorridun baserritar gaztea.

Parte hartu nahi daben Gipuzkoako ikastetxeek 2019ko urritik 2020ko maiatzera arte eskatu ahal izango dabe txandea, doban. IBT zentroari atxikitako ikastegiek lehentasuna izango dabela ohartarazo dau Arte Eder Museoak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu