Kirol jardueretan bikain ibili diran ehun bat emakumeren lana autortu dabe

Bizkaie! 2019-10-03 08:05   Kirola

Kirol munduan emakumearen presentzia aldarrikatu dabe.

Iñigo Urkullu Lehendakariak ia ehun emakume kirolari hartu ditu gaur eguerdian Lehendakaritzan, azken 12 hilebeteetan (2018-2019 denporaldia) Estaduan, Europan edo nazinoartean erantzun onak lortu dituenak. Harrera horren helburua kirolarien ahalegina autortzea eta euren kirol jarduerea ikusgarriagoa egiten laguntzea izan da: Zuen kirol erantzunak balio bikotxa dakar: kirol ikuspegitik oso garrantzitsuak dira, baita bardintasunaren ikuspegitik be, adierazo dau.

Ekitaldian, Lehendakariagaz batera, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria, Jon Redondo Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria eta Basque Teameko ordezkariak izan dira. Lehendakariak kirolari horreen eredugarritasuna nabarmendu nahi izan dau: Eredu zarie. Zuen adibideak Euskadiko gazteak kirol gehiago egiten bultzatzen ditu, eta gizarte osoa bardintasunaren alde lanean jarraitu daien animetan dau. Lanean jarraitu behar dogu euskal gazteek ikusi deien eskubidea eta aukerak dituela benetan nahi dabena izateko.

Gaurko harreran, besteak beste, Bera Bera eskubaloi taldeko jokalariak, Reala futbol eta bedar hockeyko jokalariak, Orioko arraunlariak, Gaztedi eta Badaiotz sokatira taldeak eta Raspas arraunketa olinpikoko taldeko kideak izan dira. Era berean, banakako kirolariak be izan dira: Leticia Canales eta Nadia Erostarbe surflariak; Irene Usabiaga, Ana Usabiaga, Ziortza Isasi eta Eukene Larrarte txirrindulariak; Leire Garai pelotaria; Maialen Axpe, Arantza Moreno, Elena Loyo eta Irene Loizate atletak; Oihana Azkorbebeitia mendi-lasterkaria; Irene Caminos trialeko txirrindularia; eta Nahia Quinconcinos mendiko eskiatzailea.

Horrezaz gan, Mariasun Quincoces (futbola) eta Maider Altuna (bedar hockeya) Realeko jokalariek, Leti Canales surflariak eta Rakel Mateo triatleteak hartu dabe berbea, eta kirol munduan emakumearen presentzia aldarrikatu dabe.

Bingen Zupiria sailburuak, bestalde, gogorarazo dau Basque Team Fundazinoak gizon baino emakume gehiago dituala bekadunen artean (34 emakume eta 30 gizon), eta Rio de Janeiroko azken Joko Olinpikoetan gehiengoa izan zirala emakumeak euskal ordezkaritzan. Halan da be, datu horreek gorabehera, badakigu asko dagoala egiteko emakume kirolarien lana ikusarazoteko. Euskadin jarduera fisikoaren eta kirolaren inguruan egin diran azken ikerketen arabera, oraindino be genero-arrakalea dago kirola egiteari jagokonez gaineratu dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu