Irati Elorrieta, Patxi Zubizarreta eta Asisko Urmeneta, Euskadi Sarietako irabazle

Bizkaie! 2019-10-02 12:22   Kulturea

Literaturea Euskeraz, Ume eta Gazte Literaturea Euskeraz eta Ilustrazinoa ataletan saritu ditue, hurranez hurran.

Zubizarreta, Elorrieta, Urmeneta eta Zupiria, Gasteizen (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak ezagutzera emon ditu Euskadi Literatura Sarietako aurtengo lehenengo hiru irabazleak, Gasteizko Artium Museoan egindako agerraldian. Hiru modalidadetako saridunak dira, ganerako lau modalidadeetako irabazleen barri aste bi barru emongo dabe.

Literaturea Euskeraz atalean, Irati Elorrieta idazle bizkaitarrari emon deutsie Euskadi Saria, Neguko argiak nobeleagaitik. Euskerazko Ume eta Gazteen Literaturea modalidadean, Patxi Zubizarretarentzat da saria, Korri, Kuru, korri! lanagaitik. Azkenik, Asisko Urmeneta marrazkilariak irabazi dau Literatura Lanaren Ilustrazinoa atalean, AztiHitza: Xahoren Biografikoa albumeko beharragaitik.

Saridun bakotxak 18.000 euroko saria izango dau, eta beste 4.000 euro eskuratu leikez bere lana beste hizkuntza batean argitaratzen bada. Iragartzeko geratzen diran beste lau modalidadeak honeek dira: Literaturea Gaztelaniaz, Saiakerea Euskeraz, Saiakerea Gaztelaniaz eta Euskerazko Literatura Itzulpena. Euskadi Sariak banatzeko ekitaldia zemendiaren 18an egingo dabe, Donostiako Tabakaleran.

Bingen Zupiriak nabarmendu dauenez, sortzaileei egiten jaken autortzeaz harago, sarion bitartez euren lana agirian ipini nahi da euskal gizartearen aurrean: Sari honeen bitartez autortu nahi dogu gure sortzaileen lana, urteko lanik onenak omendu nahi doguz. Bestetik, lan horreek ezagutuarazo nahi doguz, gure sortzailerik esanguratsuenak egiten daben lana agirikoagoa egin.

Epaimahaiak esandakoak

Irati Elorrietaren Neguko argiak: Nomadak dira nagusi kontakizunean, Europako uri handietan euren bizimodua aurrera eroaten saiatzen dan belaunaldikoak. Marta eta Añes pertsonaiez gan, Berlin uria bilakatzen da protagonista nagusi, maisutasunez antolatutako mosaikoan. Narratzaileak gogoko dau gauetan argia biztuta daben sukaldeetara sartzea, leihoetatik begiratzea, neguko argiak lagun, porrota eta erresistentzia osogai daben istorioak kontetea.

Patxi Zubizarretaren Korri, Kuru, korri!: Etiopiatik datorren Kuru mutikoaren eta istripu txiki baten ondorioz ospitalera doan neskatoaren arteko enkontruagaz hasten den istorio hunkigarri honek egitura narratibo aberatsa dau eta, bestalde, ugari eta anitzak dira bere luze-zabalean agertzen dituan uri, pertsonaia, agertoki, ekintza eta jazoerak. Irakurlearen jakin-mina biztuten dabe hasieratik, eta irakurketea amesean legez pasetan dala esan leiteke. Jirafa baten bidaia atxakiatzat hartzen da kulturea, lekuak eta bizitzako paradoxen arteko joan-etorriak egiteko, betiere igesaren gordintasuna agirian dala. Aitatzekoa da hizkuntzearen erabilera aberats eta zehatza, narrazinoa biribildu eta indartzen daben irudi ederrak sortzeko.

Asisko Urmenetaren AztiHitza: Xahoren biografikoa: Komikiaren lengoaiaren mugetan, estilo personal baten alde jarduten dau, eta modu burutsuan erabilten da, tintei bi eta horreekaz sortzen diran bilbeei ahalik eta etekinik handiena ateraz. Kode bisual honek tonu-balioen eta lerroaren adierazkortasunaren arteko etenbako olgetea eragiten dau, grabadu espresionista alemaniarra eta bere indar komunikatiboa gogora ekarriz. Gai historiko eta dibulgazino-lan baten barruan estilo komiko-umoristikoa erabilteak proposamen ausarta bihurtzen dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu